Lantokiko Prestakuntza (LP) modulua enpresan egiten diren praktikak dira; izan ere, derrigorrezkoa da lan-egoera errealetan praktikaldi bat egitea dagokion LHko titulazioari berezkoak zaizkion jarduerak egiteko. Modulu hau curriculumean jasota dago, eta derrigorrez egin behar da dagokion titulua eskuratzeko.
Ez da lana, ezta beka bat ere. 380 eta 440 ordu arteko iraupena izaten du, titulu bakoitzaren curriculum ofizialean ezarritakoaren arabera.
Aldiz, Txandakako Lanbide Heziketa Duala ikaskuntza-prozesu bat da, non ikasleek ikastetxeko eta enpresako ikaskuntzak txandakatzen dituzten dagokion tituluari berezkoak zaizkion gaitasunak eskuratzeko. Lehenengo urtean, prestakuntza ikastetxean jasotzen da normalean (nahiz eta orain ziklo batzuetako lehenengo mailako ikasleak enpresetara joaten ari diren). Ostera, bigarren ikasturtean konbinatu egiten da ikastetxeko ikaskuntza enpresako lan-egoera errealekin. Prestakuntza mota honetan kontratu-harremana dago ikaslearen eta enpresaren artean. Harreman hori prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratu baten bidez edo beka baten bidez formalizatu daiteke. Horrenbestez, ikasleek hasiera ematen diote beren lan-bizitzari, Gizarte Segurantzan kotizatu eta enpresan lan egindako orduekiko proportzionala den nomina bat jasotzen baitute.