CIFP Zornotza LHIIk hitzarmen bat sinatu du UPV/EHUrekin Eraikuntza Metalikoak zikloko ikasle eta irakasleek eta unibertsitatean eskulturarekin erlazionatutako moduluak egiten dituztenek esperientziak eta ezagutzak parteka ditzaten.
Joan den azaroan sinatutako hitzarmenari esker, posible izango da itxura batean elkarrengandik urrun dauden bi diziplina horiek, hau da, fabrikazio mekanikoak eta arteak, bat egitea bi espezialitateetako ikasleei balioa emango dieten lankidetza-espazioetan.
Hasiera batean, pentsa daiteke arteak ez duela zerikusirik kalkuluekin eta teknologiarekin. Alabaina, metalez egindako eskulturei erreparatuta, argi ikus daiteke erresistentziak, pisuak eta dentsitateak garrantzia hartzen dutela proiektu bat garatzerako orduan. Eskultura metalikoak gauzatzeko, ezinbestekoa da kalkuluen, konformazioaren eta soldaduran aplikatutako teknologiaren gaineko ezagutzak izatea; hain zuzen, Eraikuntza Metalikoak zikloko arlo espezifikoen gainekoak. Horrek agerian uzten du eskulturak eta fabrikazio mekanikoak ezagutza-eremuak partekatzen dituztela, eta, beraz, hori izan da ikasleek diziplina arteko proiektuetan lan egiteko duten gaitasuna hobetzera bideratutako hitzarmena sinatzeko pizgarria. Lankidetza horri esker, gaitasun teknikoak eta zeharkakoak hobetuko dituzte, eta, gainera, beren ikasketek eskaintzen dituzten bide profesionalen eta haien irismenaren gaineko ikuspegia zabalduko dute.
Eraikuntza metalikoen ezagutzan sakontzeak metalezko eskultura-erronkei aurre egiteko tresna eta baliabideak emango dizkie Arte Ederretako ikasleei, ez bakarrik beren obren bideragarritasun teknikoa bermatzeko, baizik eta konposizio artistiko eta eraikuntza-prozesu berritzaileen bidez balio erantsia sortzeko ere. Ekarpen hori posiblea da, hain zuzen, arlo bateko trebeziak, ikuspuntuak eta jarrerak zabaldu egiten direnean beste pertsona eta diziplina batzuekiko interakzioari esker.
Halaber, Lanbide Heziketako ikasleek ere eskuratuko dituzte ikuspegi eta gaitasun berri horiek; izan ere, esparru artistikoarekin egindako lankidetza horretatik, artistentzako eta bestelako Industria Kultural eta Sortzaileetarako (IKS) zerbitzuetara bideratutako irtenbide profesionalak erator daitezke. Horrez gain, ikasleek aukera izango dute beren etorkizuneko eraikuntza-proiektuetan aplikatzeko moduko kontsiderazio artistikoak berenganatzeko; beste hitz batzuetan, beren erronka profesionalei berezitasuna eta berrikuntza emango dieten ikuspegiak.
Edozein kasutan, hitzarmen honek ateak irekiko ditu bi diziplinetako profilek hobekuntza-espazio bat aurki dezaten beren lan-etorkizunera begira. Ez hori bakarrik, irakasleek ere balioaren bilaketa indartuko duten esperientziak, ezagutzak eta ikuspegiak ere partekatu ahal izango dituzte. Honela gauzatuko da, zehazki, interakzio hori:
- Lankidetza egongo da teknologien eta eraikuntza metalikoen tailerreko prozesuen esparruan.
- Eskultura Sailean metalean oinarritutako proiektuak diseinatu eta gauzatuko dira.
- Lankidetza egongo da ikerketa-lan akademikoak, Gradu Amaierako Lanak, Master Amaierako Lanak eta Doktorego Tesiak egiteko, betiere alde biei aplikatzekoak zaizkien indarreko araudi akademikoen arabera.
Gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa da gero eta exijenteagoa den arlo profesionalak planteatutako erronkei aurre egitea ahalbidetuko diguten gaitasun eta ahalmenak geureganatzea. Gai izan behar dugu ezagutza teknikoa, ekintzailetza eta taldean lan egiteko eta erabakiak hartzeko gaitasunak erakusteko. CIPF Zornotza LHIIk eta UPV/EHUk sinatutako hitzarmenak esparru bat ezarri du Arte Ederretako eta Eraikuntza Metalikoetako ikasleak elkarlanean aritu daitezen diziplina anitzeko espazio batean, zeinetan posible izango den arestian aipatutako gaitasun guztiak eta gehiago garatzea, beren prestakuntza-prozesua optimizatze aldera.