Ikaslan Bizkaiak eta Itelazpik ematen dute Itelazpi LH-Publikoa Saria, eta, hain zuzen, Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetako ikasleek aurkeztutako bi proiektu teknologikorik onenak aintzatesten ditu.
Joan den irailaren 27an egin zen Itelazpi LH-Publikoa Sariaren lehen edizioko sari-banaketa, Itelazpi Eusko Jaurlaritzaren Telekomunikazioen Sozietate Publikoaren instalazioetan. Sari hori Euskadiko LHko ikastetxe publikoetan telekomunikazioekin eta elektronikarekin erlazionatutako zikloetako ikasleek proiektu teknologikoak egitea animatzera bideratuta dago.
Lehen edizioan, 2018-2019 ikasturtean azken proiektua gainditu zuten Telekomunikazio eta Informatika Sistemak zikloko ikasleak gonbidatu ziren parte hartzera. Hartara, gai hauetakoren batekin zerikusia zuen proiektu bat entregatu behar zuten 2019ko ekaina baino lehen:
- FM irratia eta LTD telebista zabaltzeko sistemak.
- Zabalkuntza-teknologia berrien analisia.
- Operadore-zerbitzua.
- Komunikazio kritikoen sistemak.
- LoRawAN teknologian oinarritutako IoT sistemak.
- Telekomunikazio-zentroetako azpiegiturak hobetzea.
- Sareko operazioak laguntzeko sistema informatikoak (OSS).
Aurkeztutako proposamenak Itelazpiko hainbat langilek eta Gasteizko CIFP Mendizabala LHIIIko, Santurtziko CIFP San Jorge LHIIko eta Eibarko Armeria Eskola ordezkariek osatutako epaimahaiaren aurrean defendatu zituzten.
CIFP Bidasoa LHIIko Luis E. Herraiz Sansous izan zen lehen sariko 1.000 €-en garailea, proiektu honekin: Repetidor Digital DME para Radioficionadso EA2RKB1. Irrati bidezko komunikazioetarako azpiegitura garrantzitsuak proposatu ditu haren proiektuan, hedagailu moderno, efikaz eta espektralki efiziente baten bitartez. Kostu neurritsua du, eta kostu baxuko irrati-frekuentzia bidezko sistema elektroniko eta informatikoak aplikatu ditu hedagailu horretan.
Bigarren sariari dagozkion 500 €-ak Javier Sáez Rojoren Horus proiektuak irabazi zituen. CIFP San Jorge LHII ikastetxeko ikaslea da, eta MESH teknologiaren bitartez hirietako segurtasuna eta datuen transferentzia hobetzeko proposamena egin du bere proiektuan. Itelazpiko zuzendari nagusi Matxalen Lauzirika Jauregik banatu zituen sariak.
Itelazpi LH-Publikoa saria Ikaslanek eta Itelazpik sinatutako hitzarmenaren barruko ekimen bat da. Espazio horretan, lankidetzan dihardute bi erakundeek garapen teknologikoa, prestakuntza eta LHren arloko enplegua hobetzeko. Itelazpi LH-Publikoa Sariarekin, Ikaslanek eta Itelazpik ibilbide luzeko apustua egin dute gizarteari sektore teknologikoak komunikazioetan duen garrantzia ikusarazteko eta, batez ere, arlo horrekin erlazionatutako zikloetako ikasleek bereizmena eta berrikuntzak proposatzeko duten iniziatiba eta gaitasuna azpimarratzeko.
Hurrengo edizioa 2020ko ekainean izango da, egon adi!