Bizkaiko Lanbide Heziketa Publikoko Ate Irekien Jardunaldi Birtualen Asteak 500 pertsona baino gehiago artatu ditu, eta, horrela, gainditu egin ditu aurreikuspenik baikorrenak.
Joan den ostiralean, hilak 8, amaitu ziren Bizkaiko LHko ikastetxe publikoek antolatutako ate irekien jardunaldiak, eta guztira 520 pertsona artatu zituzten bost egunetan. Zifra horrek gainditu egin ditu hasierako aurreikuspen guztiak, eta agerian utzi du herritarrek interesa dutela Lanbide Heziketarekiko.
Gainerako irakaskuntza-ibilbideetako prestakuntza-zentroek bezalaxe, LHk ere aurre egin behar izan dio COVID-19ak eragindako bakartzeari, eta, horrenbestez, bikoiztu egin behar izan ditu esfortzuak bere jarduera normalizatzeko. Online komunikazioa eta gaitasun digitalak ezinbesteko tresna bihurtu dira, batetik, ikastetxeek beren prestakuntza emateko eta, bestetik, herritarrei informazioa eta orientazioa emateko konpromisoa betetzeko. Hain zuzen, aurten Bizkaiko Lanbide Heziketa publiko osoak egindako esfortzuarekin lortu dugu helburu hori betetzea; izan ere, Bizkaiko Ikaslan sareko ikastetxeak koordinatu egin dira beren prestakuntza-eskaintza eta Lanbide Heziketaren ezaugarri bereizgarriak birtualki eta modu pertsonalizatuan emateko aditzera.
Lanbide Heziketari buruzko edozein zalantza argitzera eta informazioa ematera bideratutako egitasmo digitala iragarri zenetik, izen-emate fasean parte hartzeko eskaera egin zuten pertsonen kopuruak gainditu egin zituen jada beharko zen azpiegituraren harira egindako aurreikuspen guztiak. Inor erantzunik gabe ez uzteko premisapean lanean, laukoiztu egin zen informazio-saio birtualez arduratuko ziren profesionalen kopurua. Zenbateko horrek ikastetxeetako ia zuzendaritza talde guztiek parte hartu behar izatea ekarri zuen berekin: zuzendariak, ikasketaburuak eta beste hainbat kargudunak.
85 pertsona artatu dira, batez bestean, egunean, profil anitzeko 5 pertsonako talde murriztuetan. Besteak beste, gurasoek, gazteek eta aktibo dauden pertsonek erakutsi dute LHrekiko interesa, bereziki prozesuari, matrikulazio-epeei eta eskaintzen diren prestakuntza-zikloei dagokienez.
Laburbilduz, ikastetxe publikoetako ate irekien jardunaldi birtualei esker, LHn interesa duten pertsonek eta familiek beren zalantzak argitu ahal izan dituzte, egun bizi dugun itxialdi- eta ziurgabetasun-une honetan. Esfortzu hori oso positiboki baloratu dute artatutako pertsona guztiek; batez ere jaso duten informazioa eta orientatu dituzten pertsonen profesionaltasuna.