Joan den apirilaren 3an egin zen, birtualki, Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeak partaide izan dituzten Erasmus+ KA2 eta KA3 proiektuak zabaltzeko jardunaldia.
COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiaren ondorioz bizi dugun ezohiko egoera eta gizarte-bakartzea direla bide, aurten online egin da EAEko LHko ikastetxeek egin dituzten proiektuak partekatzeko jardunaldi tradizionala; zehazki, Twitter bidez. Jardunaldia Tknikak sustatu zuen, eta Ricardo Lamadrid Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak egin zituen aurkezle-lanak. Euskadin lantzen ari diren egitasmoen berri emateko eta koronabirusak inposatutako mugak gainditzeko eragile guztiek egin duten esfortzua azpimarratu zuen, beste ezer baino lehen, @Int_Tknika bitartez.
Ondoren, informazio-pilulak baliatu ziren ikastetxe publikoek, pribatuek eta LHko elkarteek landutako 56 proiektuak bideo-formatuan aurkezteko. Horietatik guztietatik, bitan hartu du parte Ikaslan Bizkaiak: CreO, The Cultural and Creative Occupations: New opportunities in the traditional industries, non, gainera, liderra den, eta Ditoga: Digital Tracking of VET graduates. DBi erronka horien azken helburua da LHko ikasleen prestakuntza eta enplegagarritasuna hobetuko duten metodologiak eta tresnak garatzea. Creo proiektua urratzailea da industria sortzaileen eremu espezializatuan, eta sektorea industria tradizionalerantz hedatzen ari da; izan ere, ingurune horretan ezinbestekoak dira berrikuntza eta disrupzioa proposamen baliotsu eta bereiziak egiteko, eta, hain zuzen, bi horiek ondo baino hobeto ezagutzen dituzte sorkuntzaren eremuko prestakuntza jaso dutenek. Bestalde, Ditogak informazio erreala emango du lanean edo enplegu bila dabiltzan LHko titulatuen esperientziari buruz, hartara gamifikatutako tresna bat erabiliz. Informazio horri esker, posible izango da sistematikoki lerrokatzea LHko gaikuntza-programak enpresen beharrizan errealekin.
Bi egitasmo horiez gain, Ikaslan Bizkaia sareko zortzi ikastegik ere aurkeztu zituzten beren lanak. Gipuzkoan, proiektu hauek ari dira jorratzen, hurrenez hurren, Miguel Altuna LHII, Don Bosco LHII, Aretxabaleta Lanbide Eskola, IMH Makina Erremintaren Institutua eta Tolosaldea LHII: Engendering Stem, Roboy@3DP, From Combustion Vehicle to Electric Vehicle, Energyfucation eta Team We. Bestalde, Mendizabala LHIIk Make Your Way eta Creative Engine proiektuari buruzko xehetasunak eman zituen, eta gauza bera egin zuen Gamarra Ostalaritza LHIIk ere Foot For Thougt proiektuarekin.