Duela hainbat hamarkada euskarazko ikas-materiala sortzen hasi ziren Lanbide Heziketako (LH) irakasle taldeak, euskarazko eskaintzan zegoen material eskasiak bultzatuta. Horren ondorioz 2003an LANEKI elkartea sortu zen, euskarazko ikasmaterialak sortzeko ahalegin guztiori batzeko asmoz.
Ordudanik euskarazko materiala sortzen, itzultzen, prestatzen, eguneratzen eta eskura ipintzen jardun du LANEKIk eta –egin kontu– bi hamarkada igaro direlarik, nabarmena da behar horrek egin dion ekarpena Lanbide Heziketako euskararen normalizazioari eta, beraz, baita lan munduari ere.
Artikulu hau osatzeko LANEKIko koordinatzaile Olatz Imazekin berba egin dugu, irakasleei, ikastetxeei eta euskarazko Lanbide Heziketarekin nolabaiteko zerikusia duten guztiei LANEKI elkarteak egiten duen beharra hurreratzeko.
Helburua
LANEKI proiektuaren helburu nagusia da Lanbide Heziketako eta lan-esparruko euskarazko materialak prestatu eta erabiltzaileen eskura jartzea.
Partaideak
LANEKI elkartea Ikaslan Araba, Ikaslan Bizkaia, Ikaslan Gipuzkoa eta Hetelek osatzen dute. EAEko Lanbide Heziketako ikastetxeen gehiengoa da LANEKIren kide. LANEKI elkarteak Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren babesa du. Eta erakunde hauekin elkarlanean jarduten du: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Debagoieneko eta Buruntzaldeko Udalak, Kutxa Fundazioa, Orona, Irizar S Coop, Ampo-Group, Elay.
Lan esparruak: materiala, hiztegiak, Lantokiko prestakuntza eta Duala
Materiala jakinbai.eus web gunean partekatzen da. Bertan aurkituko dituzue LHko euskarazko klaseak emateko baliabideak, bai eta terminologia teknikoa euskaraz izateko hiztegiak.
LANEKIk euskarazko Lantokiko prestakuntza eta Duala bultzatzeko proiektuak ere egiten ditu, erakundeekin elkarlanean.
Itzulpena
LANEKIren itzulpen jarduna ez da hutsetik hasten. Irakasleengandik eta irakasleenganaino, itzulpen proiektuak gauza daitezen laguntzen du. Erakusgarri modura hona ikas-materiala itzultzeko prozesua:
- Ikastetxeetako kideek eta irakasleek euskarazko materialen beharra aztertzen dute, eta itzultzeko materiala zein den erabakitzen dute.
Itzulpen delegatua
- LANEKI elkarteak deialdia egiten du, irakasleek ikasturte berrirako euskarazko material berriak itzultzeko eskaerak egin ditzaten.
- Itzuliko diren materialen aukeraketa egiten da. Eskaera guztiak aztertzen dira eta aurrez ezarritako irizpideen arabera (lehentasun irizpideak) eskaera bakoitzari puntuazio bat ezartzen zaio.
- Itzulpen zerbitzuek materialak itzultzen dituzte.
Itzulpen librea
- Irakasleek beren kabuz itzulitako materialak jasotzen dira, eta IRALEra bideratzen dira zuzenketak egiteko. R400 bidez sortutako materialak irakasleen eskura jartzen dira.
Behin itzulita edo zuzenduta daudenean, jakinbai.eus web gunean jartzen da materiala. Web-gune honetako materiala eskuratzeko EAEko LHko irakaslea izan behar da, eta erabiltzaile gisa alta eman behar da.
Jakinbai.eus webgunean 1093 ikasmaterial daude erabiltzaileen eskura gaur egun. Aurten 41 ikasmaterial berri sortuko dira.
Heziraul
Lan Prestakuntza eta Orientabideko hainbat baliabide heziraul.eus web gunean dago.
Aurtengo ikasturtean LePOka jolas kolaboratiboa sortu da eta datorren ikasturtean banatuko da ikastetxeetara. Gainera “Heziraul, Ethazi metodologiarako tresna” formakuntza saioak prestatu dira datorren ikasturtean irakasleei emateko.
Hiztegigintza
Hiztegigintza da LANEKIren beste arlo bat. Jakinbai.eus web gunean Hiztegia deitzen den atala dago. Hiztegi hau elkarlanean elikatzen da, edonork parte hartu dezake hornitzen.
Hiztegian 11.812 kontzeptu daude eta urtero 300 kontzeptu berri gehitzen dira bere irudiekin. Gainera, Ehungintza hiztegia argitaratuko da 2020 urte bukaerarako.
Emaitzak
LANEKIk arrakasta handia lortu du, gehienbat Lanbide Heziketako irakasleen arteko elkarlanari esker, egiten duten ekarpenengatik. Bere jardunagatik, esan genezake LANEKI elkartea Lanbide Heziketan eta arlo sozioekonomikoan materialak euskaratzeko erreferente dela gaur egun.
Jakinbai.eus web-guneak 10.357 erabiltzaile ditu eta erabiltzaile berrien kopurua gorantz doa nabarmen.
LANEKIren orain arteko lorpenak gogoratu ditzagun:
- Lehenengo lorpenik handiena izan zen erabakitzea egingo ziren ikasmaterial guztiak on-line formatuan izango zirela, horrek ekarri digu gaur egun dagoen ekoizpenera.
- Bigarren lorpena da LANEKI Elkarteak irakasleekin batera egiten duen elkarlana ezinbestekoa bihurtu dela, ez zen posible izango euskarazko Lanbide Heziketarik jakinbai.eus gabe.
- Lorpen handiena da bizirik dagoen eta ezinbestekoa den proiektua dela, amaierarik gabeko ibilbidea dela eta euskarazko ikasmateriala eta hiztegi teknikoak sortzen jarraituko dugula.
Erronkak
Gertuko etorkizunari begira jartzen bagara berriz, euskarazko Lanbide Heziketa kalitatezko baliabidez eta baliabide erakargarriz hornitzea da erronka nagusia. Euskarazko materialak modulu guztietan egotea, zaharkituta dauden materialak berriekin ordezkatzea, eta ziklo berriak euskarazko materialez hornitzea.
Euskaraz matrikulatu diren ikasleek Lantokiko Prestakuntza eta Duala euskaraz egitea da LANEKIren erronka baita ere, eta horretarako ikastetxeei eta enpresei laguntza ematen jarraituko dugu.