IES Barrutialde BHIko ikasle talde baten prototipoa finalista izan da SEO Birdlifek eta Ecoembesek espazio naturaletan zaborra uztea ekiditeko edo naturan dauden hondakinak biltzeko antolatu duten prototipo-lehiaketan
Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko zikloko Amaia Malatsetxebarria, Paul Marcos eta Aimar Bilbao ikasleek egin dute Libera Makers Challenge 2019-2020 lehiaketako 20 proiektu finalistetako bat. Libera-Unidos contra la basuraleza, proiektuari lotutako ekimena daLibera Makers, eta, zehazki, Lanbide Heziketako ikasleak espazio naturaletan utzitako zaborraren ondorioen gainean sentsibilizatzea eta horiek murrizten lagunduko duten soluzio berritzaileak garatzeko gaitzea da haren helburua.
Horretarako, online prestakuntza malgua jasotzen dute ikasleek, learning by doing metodologian, elkarlanean eta erronka bidezko ikaskuntzan oinarrituta dagoena. Horrela, natura zabor-hondakinik gabe mantentzen lagunduko duten soluzioak proposatzeko motibazioa eta gaitasunak eskuratzen dituzte. Dena den, horretarako, ezinbestekoa da ikastetxeko irakasle batek ikasleak laguntzea eta beren ikaskuntza-prozesuan gidatzea. Kasu honetan, Jon Apeztegia irakasleak proposatu zien Fabrikazio Mekanikoa zikloko ikasleei beren ziklo amaierako proiektua Libera Makers lehiaketaren erronkari erantzungo zion soluzio batean oinarritzeko. Esan eta egin, eta bikain gainera!
Amaia, Paul eta AimarrekBoat Cleaner prototipoa diseinatu eta sortu zuten. Zehazki, ozeano eta ibaietako hondakin plastikoak jasotzeko sortu den katamaran bat da. Aluminio birziklatuz eginda dago, 230 CV-ko motor elektriko bat du eta gai da ordubete baino gutxiagoan 300 kg plastiko jasotzeko. Horrez gain, 1 tona plastiko biltegiratu dezake, eta eguzki-plaka bat du uretan flotatzen duten plastikoak jasotzen dituzten besoak eta zinta garraiatzailea elikatzeko. Proposatutako soluzio hori finalista geratu da estatu mailan, baina, aitorpen hori gorabehera, premiazko beharrizan bati erantzuten ere dio: gure ozeano eta ibaietako plastikoa biltzea. Boat Cleaner prototipoaren sortzaileen aurkezpen-bideoan adierazten denez, “itsasoan dagoen zaborraren % 80 plastikoa da”. Are gehiago, NBk munduko ingurumen-hondamenditzat jo du dagoeneko.
Ziklo bereko beste ikasle talde batek putzu septikoen ondoriozko koleraren hedatzea murrizten lagunduko duen sistema bat diseinatu zuen. Talde horretako kideak Oihana Arego, Cristian Cabello eta Ander Goienaga izan ziren. OMEri jarraikiz, gaixotasun horrek 21.000 eta 143.000 heriotza artean eragiten ditu urtero, eta, ildo horretan, saneamendua ezinbestekoa da haren transmisioa kontrolatzeko.
Arazoa ondo ezagutzen duen Tanzaniako GKE batekin lankidetzan, ikasleek gaixotasuna transmititzen duten eltxoei gorozkien biltegietara sartzea eragozten dien komun ekologiko bat diseinatu dute. Gainera, bere diseinuari esker, haurrak ezin dira zulo fekalera erori, hainbat aldiz izan baitituzte mota horretako istripuak.
Oihana, Cristian eta Anderren proposamena ez zen finalista izan, baina argi dago beren soluzioa naturara hondakinak botatzetik haratago doala: milaka pertsonaren bizi-baldintzak hobetzearen alde ere egiten du.
Ziklo amaierako bi proiektu horiek agerian utzi dute, batetik, IES Barrutialde BHIko ikasleek gaitasun tekniko handiak dituztela, eta, bestetik, LH gai dela prestakuntza eta berrikuntza uztartzeko: konbinatu egiten ditu lan-jarduera jakin baterako beharrezkoak diren gaitasunak garatzea eta eskuratutako ezagutza teknikoetatik haratago doazen soluzioak proposatu eta garatzeko gaitasuna. Ez hori bakarrik, proiektu horiei esker, are gaitasun profesional gehiago garatzen dituzte LHko ikastetxeetako ikasleek.