Azaroaren 10ean eta 11n Donostiako Kursaal jauregian egingo da LHren Nazioarteko Kongresua. Bertan, 4. industria-iraultzaren aurrerapena eta Lanbide Heziketan duen inplikazioa aztertuko dira.
Prestakuntzaren, enpresaren, gizartearen, teknologiaren eta erakundeen esparruetako goi-mailako hizlariek LHk 4. industria-iraultzak ekarritako paradigma berrian dagoeneko duen eta izango duen rolaren gaineko iritziak partekatuko dituzte.
Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arévalo izango da lehen hizlaria, eta Lanbide Heziketa adimenaren eta konplexutasunaren erronkaren aurrean gaia izango du hizpide. Ondoren, e de CAFko presidente Andrés Arizkorretak eta Europako Batzordeko Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako arduradun Chiara Riondinok hitz egingo dute. Lehen eguneko azken hitzaldia Marc Vidal hizlariarena izango da, eta etorkizun itxaropentsua erakusten duten egitate eta aurreikuspenen berri emango die bertaratuei; etorkizun horretan, automatismoak eta robotak ez dira lanpostuak arriskuan jarriko dituzten mehatxuak, baizik eta nahitaez erabiltzen jakin beharreko tresnak.
Bigarren egunean honako hizlari hauek egongo dira: Joint Research Centerreko Enplegu eta Gaitasunen taldeko koordinatzaile Enrique Fernández; Ivy Tech Community College Fabrikazio Aurreratuko, Ingeniaritzako eta Zientzia Aplikatuetako presidenteorde Sue Griffit; TNOko senior ikertzaile Steven Dhondt; Europako Batzordeko Enplegu, Gizarte Gai eta Inklusioko Zuzendaritzako senior aditu Joao Santos eta giza kapitaleko aholkulari estrategiko Eva Collado. Gainera, Diego Coquillat-ek eta María José Barriolak gastronomiaren esparruko eraldaketa digitalari helduko diote eta TKnikako eta Herbehereetako KATAPULT eta Platform Talent programetako hainbat ordezkari prestakuntza bikaina emateko gakoei buruz arituko dira. Eneko Atxa sukaldeburu ospetsuak emango dio amaiera kongresuari.
Hitzaldiez gain, azaroaren 10eko arratsaldean bisitak egingo dira CIFP Usurbilra, CIFP Miguel Altunara, CIFP Tolosaldeara eta Tknikara.
Kongresura bertaratzeaz gain, inaugurazioaz ere arduratuko dira hauek guztiak: Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratz; Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioko Enplegu eta Gizarte Gaietako idazkari orokor Clara Sanz; Europako Batzordeko Gizarte Gaietako zuzendari nagusi Manuela Geleng, eta Iñigo Urkullu lehendakaria.