Ikaslan Bizkaiak bere kalitatea kudeatzeko sistema egiaztatzea lortu du, UNE-EN ISO 9001:2015 arauari jarraikiz.
Abenduan, UNE-EN ISO 9001:2015 arauaren kalitate-bermea eskuratu du Ikaslan Bizkaiaren kudeaketa-sistemak, zehazki, Bizkaiko LHko ikastetxe publikoetako berrikuntza- eta hobekuntza-proiektuen kudeaketaren eta garapenaren arloan.
Bi fase izan ditu egiaztapen-prozesu horrek. Lehen fasea azaroaren erdialdean egin zen, eta Ikaslan Bizkaiko bulego teknikoko kudeaketa-sistemaren heldutasun-maila baloratu zen orduan. Zehatz-mehatz, kokaleku bakoitzean dauden baldintzak eta dokumentu mota guztiak aztertu zituzten. Analisi sakona egin eta gero, kanpoko aholkularitza-enpresak ondorioztatu zuen bulego teknikoaren prestakuntza-maila egokia dela.
Abenduaren 14an egin zen auditoretzaren bigarren fasea. Bertan, berrikuntza-proiektuak garatzeko prozesuak, jarduerak eta betekizunak baloratu zituzten. Hori nola aplikatzen den ikusteko, Ikaslan Bizkaia buru edo parte-hartzaile izan dituzten proiektu batzuekin osatutako lagina aztertu zuten. Zehazki, nazioz haraindiko bi proiektu, CreO – The Cultural and Creative Occupations: New opportunities in the traditional industries eta Ditoga- Digital tracking of VET graduates via auto-analytics to enhance the quality and sustainability of vocational and educational training programmes, eta barne-berrikuntzako proiektu bat, iTAI.
Ebaluazioa egin eta gero, ebatzi da Ikaslan Bizkaiaren kalitatea kudeatzeko sistema “bat datorrela erreferentziazko arauak ezarritako legezko, araubidezko eta kontratuzko betekizunekin, eta eraginkortasunez dagoela aplikatuta”. Halaber, ondorioztatu da “2020an sistemari egindako barne-auditoretza egokia dela auditore-taldearen plangintzari, garapenari eta gaikuntzari dagokienez”.
Azkenik, honako indargune hauek azpimarratu dira:
- Zuzendaritzaren lidergoa eta berrikuntzarekiko eta kudeaketa-sistemarekiko duen konpromisoa.
- Sistema horretan rol garrantzitsua dutenek sistema bera diseinatzeko eta ezartzeko egindako lana.
- Proiektuak kudeatzeko diseinu propioa duen SGP tresna (Microsoft Access).
- Interesdunei egindako inkestetan eskuratutako emaitza bikainak (2019).
- Barne-auditoretzaren zehaztasuna.
UNE-EN ISO 9001:2015 araua eskuratzeak sendotu egiten du gure bulegoak gure sareari eta gure inguru sozial eta ekonomikoari balio erantsia emango dioten proiektuak garatzeko eta sustatzeko duen konpromisoa.