Kanpaina hedabide tradizionalen eta sare sozialen bidez zabalduko da, eta berariazko webgune bat izango du: www.empresafpeuskadi.eus
Confebaskek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzak kanpaina bat hasi dute elkarrekin, Euskadiko enpresa guztiek jakin dezaten LHaren euskal ereduak zer abantaila eskaintzen dizkien, enpresa horien neurria eta sektorea edozein delarik ere. Alderdi hori azpimarratu du Asier Aloria Confebaskeko Prestakuntza, Talentu eta Enpleguko zuzendariak: “Euskadiko LHak eskaintzen dizkien aukerak ezagutzen ez dituenik ez egotea izango litzateke helburua, behar duenean bertan bermatu dadin. Altxor handia dugu gure LHan, eta edozein enpresari laguntzeko tresnak ditu: autonomo batetik, multinazional handi bateraino”.
Hain zuzen ere, ahalik eta konpainia gehienengana iristeko asmoz, webgune espezifiko bat sortu da, non kanpainaren bideo nagusia ikus baitaiteke eta, halaber, kontsulta kanalak eta informazio puntuak ezagutu, interesa izanez gero: www.empresafpeuskadi.eus.
Kanpaina, ‘Kaixo enpresa, Euskadiko Lanbide Heziketa naiz“ izenburupean, Lanbide Heziketako euskal ereduak euskal enpresa sareari eskaintzen dizkion funtsezko bost kontzepturi balioa ematean oinarritzen da.
Lehenik eta behin, agerian jartzen du, zenbat eta enpresa gehiago hainbat eta hobe izan arren, eredu horrek dagoeneko onarpen zabala duela Euskadin, milaka enpresa parte hartzailerekin, eta horrek erakusten du daukan balioa, bai dagoeneko horren onurez baliatzen ari denarentzat, bai oraindik bere aukerak sakon ezagutzen ez dituztenentzat.
Ildo horretan, kanpainak enpresarentzat talentua gehitzea dakarren LHa azpimarratzen du, pertsonen “neurrira egindako prestakuntza” bati esker, behar duenari bideratuta. Eta, modu nabarmenean, “prestakuntza duala” delakoari esker, zeinak ikasgelako ikasketak eta lantokiko prestakuntza praktiko ordaindua uztartzen baititu. Finean, gogorarazi duenez, Euskadiko LHak edozein enpresatara egokitzen diren prestakuntza programa malguei esker, gaitasun profesionalak eskuratu dituzten pertsonez hornitzen ditu konpainiak.
Gainerakoan, sustapen horrek euskal LHaren beste gako batzuk gogorarazten ditu, enpresei egiten dizkien ekarpenei dagokienez, horien artean egonik berrikuntza garatzeko aukerak – mila euskal enpresa baino gehiagok lehen pertsonan dakiten zerbait – eta konpainiak nazioartekotzeko egiten duen ekarpena.
Kanpainak ohiko kanalak – irratiko iragarkiak – eta Twitter, Facebook, LinkedIn edo WhatsApp bezalako sare sozialak erabiltzen ditu. Gainera, Euskadiko Lanbide Heziketako zentroen elkarteek – Aice-Izea, Ikaslan eta Hetel – eta CONFEBASKeko erakunde kideek – Adegi, Cebek eta Sea – aktiboki parte hartuko dute Euskadiko LHaren promozio berri hau enpresa sarean zabaltzen.
Confebask eta Eusko Jaurlaritza duela hogeita hamar urte baino gehiagotik ari dira Euskadiko enpresen eta LHaren arteko lankidetza hori sustatzen. Eta aldi horretan, urtean batez beste 15.000 enpresak egiaztatu ahal izan dituzte gazteen lehiakortasuna eta enplegagarritasuna hobetzearen onurak. Kanpainari buruzko informazio guztia: www.empresafpeuskadi.eus.