Gaur goizean STEAM Lanbide Heziketa -ren lehenengo sesioa egin da. Proiektu hau, neska gazteenen artean arlo zientifiko-teknologikoetarako bokazioak pizteko diseinatu da.
STEAM LHk esperimentazioan jarri du arreta.
STEAM LHren helburua da murgiltze-prozesu bat sortzea, eta bertan, neskek beren kabuz deskubritzea zientziaren eta teknologiaren aplikazioak eta aukerak. Era berean, ikusiko dute generoak ez duela inolako eraginik garapen pertsonal eta profesionalerako espazioak hautatzeko orduan, ez arlo honetan, ez besteetan.
Proiektua gauzatzeko, Mungia BHI eta Uribe Kosta BHI ikastetxeen laguntza jaso dute; izan ere, prest agertu dira beren irakaskuntza-orduetan 7 STEAM LH saio txertatzeko.
Astean ordubetez, MUNGIA BHIko 67 neskak eta URIBE KOSTA BHIko 15ek elkarrekin esperimentatu, hausnartu eta lan egingo dute, giro lasaian, proiektuko mentoreek iradokitako joko eta erronkak ebazteko.
Paraleloki, ikasgela horietako mutilak zaintzen eta zerbitzuen esparrura gerturatuko dira, eremu sozialean espezializatutako mentoreen eskutik.
Saioak egun eta ordu berdinetan izango dira bi ikastetxeetak (goizeko 8:15etik 9:15era).
Egutegia:
- 1. saioa: apirilak 29. Sarrera
- 2. saioa: maiatzak 5. Zientzia
- 3. saioa: maiatzak 11. Teknologia
- 4. saioa: maiatzak 17. Ingeniaritza
- 5. saioa: maiatzak 27. Artea
- 6. saioa: ekainak 2. Matematikak
- 7. Saioa: ekainak 8. Itxiera
Familiak inplikatzea eta STEAM diziplinen ekosistema ezagutaraztea
STEAM LH proiektua osatzeko, informazio-saio bana egingo da ikastetxe parte-hartzaileetako familiekin eta bisita birtualak egingo dira STEAM diziplinen arloko prestakuntza eskaintzen dituzten ikastetxeetara eta sektoreko enpresetara.
Informazio-saioetan, gurasoek aukera izango dute STEAM sektorearen irudi orokor bat eskuratu eta LHko ikastetxeen prestakuntza-eskaintzari eta LHk garapen akademiko eta profesionalerako ematen dituen aukerei buruzko zalantza guztiak argitzeko.
Bestalde, ikastetxeetarako eta enpresetarako bisiten helburua da gaikuntza-prozesuaren eta zientzia eta teknologiaren esparruko zereginen eguneroko jarduna gerturatzea.
STEAM arloko emakume profesional prestigiotsuak, zientziaren eta teknologiaren sozializazioarekiko konpromiso irmoa dutenak
Ana Saratxaga, Itziar Onandia eta Ines Aseginolaza dira Mungia BHIko eta Uribe Kosta BHIko ikasleen murgiltze-prozesua bideratuko duten hiru mentoreak. Hirurek dute esperientzia eta hirurek egiten dute lan EAEko zientzia eta teknologiaren arloko punta-puntako erakundeetan. Gainera, guztiek dute zientzia eta teknologia sozializatzeko bokazioa, eta, horregatik, hainbat dibulgazio-proiektutan hartu dute parte. Are gehiago, Ana Saratxagak eta Ines Aseginolazak Deustuko Unibertsitatearen Inspira STEAM proiektuan ere hartu dute parte.
Mutilekin zaintzen eta zerbitzuen esparruan egingo diren murgiltze-saioetako dinamizazioaz Ibone Erezuma –Berdintasun teknikaria– eta Rosanna Urrutikoetxea eta Leire Serrano –Nicolás Laburru LHIIko irakasleak– arduratuko dira eta Miren Ezkurdia Andra Mari LHIIkoa.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ikaslan Bizkaiak STEAM diziplinak gazteenen artean sozializatzearen aldeko apustua egin dute.
Ekimen hau Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Sailak proiektu berritzaileak garatzeko emandako dirulaguntzen esparruan dago kokatuta.
Gainera, STEAM Lanbide Heziketa programa Ikaslan Bizkaia Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak sustatutako talentu femeninoaren aldeko STEAM aliantzara atxiki den momentuan abiarazi da.