Ikaslan Bizkaiak, PRALINE (Promoting Adult Learning in Networks) proiektuan parte hartzen duten erakunde guztiek eta Europako Batzordeko ordezkari Martina Ni-Cheallaigh-ek proiektuko Peer Learning Activity (PLA) motako bigarren saioan hartu dugu parte.
Lehenago ere aipatu dugunez, aurten hasi da PRALINE, 2021eko urtarrilean, hain zuzen. Erasmus + programako proiektu bat da, eta heziketa-erakundeetan berrikuntza eta nazioartekotzea sustatzea du helburu, mugaz haraindiko kooperazioaren bitartez. Horretarako, elkarrengandik ikasten dute, berdinen arteko aholkularitza egiten dute eta beren gaitasunak indartzen dituzte helduentzako heziketaren hornitzaileen sareek. Zehatz-mehatz, 2009an sortutako EUproVET sarea bultzatzea eta irmotzea da proiektuaren xedea. PRALINE 2024ra arte egongo da martxan, eta honako herrialde hauek hartuko dute parte bertan: Irlanda, Finlandia, Eslovenia, Estonia, Espainia, Frantzia, Turkia, Portugal eta Alemania. Koordinazio-lanen ardura Herbehereek hartu dute.
Bigarren saioa Union Nationale des Maisons Familiales Rurales d’Education et d’Orientation Frantziako erakundeak antolatu zuen, eta bertan, Maisons Familiales Rurales (MFR) delakoei buruzko aurkezpena egin zuten, baita Frantziako LHren egitura orokorra azaldu ere. Gero, talde txikiak sortu ziren eredu hori beste herrialde batzuetan aplikagarria den aztertzeko, zein zailtasun egon daitekeen analizatzeko, etab. Halaber, jardunbide egokien hiru kasu aurkeztu ziren; bi Frantziakoak, bat ikaskuntza-lurralde ezberdinei buruzkoa eta beste bat inklusioari buruzkoa, eta hirugarrena Esloveniakoa, Lanbide Heziketaren hornitzaileen bitartez Europako Itun Berderako heziketari buruzkoa.
Europako Batzordeko ordezkari Martina Ni-Cheallaigh andreak Europar Batasunak jasangarritasunaren, ingurumenaren eta ekonomia zirkularraren arloan dituen erronken berri eman zuen. Bereziki azpimarratu zituen Europako Itun Berdea, digitalizaziorako eta eraldaketa digitalerako programa eta zahartzeari buruzko liburu berdea. Mundu guztiarentzat balioko duen ekonomia bat sortzeko ideiaren garrantzia transmititu zuen horrela.
Oraindik ez da zehaztu PRALINE proiektuaren hurrengo saioa zein egunetan izango den, baina irailean egitea dago aurreikusita. Egoerak horretarako aukera ematen badu, lehen aldiz egingo da, proiektua hasi zenetik, aurrez aurre. Bi egoitza proposatu dira: La Rochelle (Frantzia) eta Valentzia. Informazio gehiago emango dizuegu aurrerago.