Mungia BHIn DBHko lehenengo maila egiten ari diren 138 ikaslek Repélega LHIIk eskaintzen dituen STEAM arloko zikloak ezagutu dituzte zuzenean
Gaur goizean, Mungia BHItik etorritako 12-13 urteko gazteez bete dira Portugaleteko Lanbide Heziketako ikastetxe publikoko ikasgelak. Helburua: Repélega LHIIk eskaintzen dituen STEAM arloko heziketa-zikloak ikustea eta aurrez aurre ezagutzea.
Esperimentatu eta deskubritzeko tailerrak
Ikastetxeko irakasleek esfortzu handia egin dute beren zikloetan erabiltzen diren tresnak eta bertan lantzen edukiak erakusteko. Gainera, ziklo horiek mundu errealean dituzten aplikazioen berri ere eman diete ikasleei. Beraien bisitarako espresuki diseinatutako hainbat tailerren bidez, ikasleek ulertu dute, besteak beste, makinarik gabe gizakia ez dela gai ez beroa, ez hotza sortzeko, ezta pisu handiekin lan egiteko edo behar baino goizago jaiotako haurtxoei bizirauten laguntzeko ere. Horrez gain, gogoeta egin dute zenbait konturen inguruan; besteak beste,Txinatik Mungiara mugikorrerako funda bat ekartzeko antolatu beharreko azpiegiturari buruz eta likidoak garraiatzeko erabiltzen ditugun material motei buruz hausnartu dute.
Guztira, 6 tailer antolatu dira, eta txandaka pasatu dira horietatik guztietatik Mungia BHIko ikasleak:
- Mekanizazioa eta soldadura
- Hotz-ganberak
- Elektromedikuntza
- Robotika
- Salgaien garraioa
- Airea tratatzeko unitatea
Bisita osoan zehar, Mungiako ikasleak oso parte-hartzaile aritu dira eta interesa erakutsi dute tailerretako bitxikeriekiko.
LHko ikastetxeetarako bisita STEAM LH proiektuaren bigarren fasean dago kokatuta
Topaketa hau STEAM Lanbide Heziketa proiektuko bigarren faseari dagokio. Fase horretan, azken hiru hilabeteetan proiektuan parte hartu duten ikasleek STEAM unibertsoari lotutako heziketa-zikloak eskaintzen dituzten Lanbide Heziketako hiru ikastetxera egingo dituzte bisitak.
Datorren ekainaren 17an, ostegunarekin, Uribekosta BHIn DBHko lehenengo maila egiten ari diren 40 ikasle Derioko Nekazaritza Eskolara –nekazaritza- eta basogintza-jardueretan espezializatuta dagoen Bizkaiko ikastetxea– joango dira, eta beste 110, aldiz, Santurtzira, automatizazio mekanikoa; produktu farmazeutikoak, bioteknologikoak eta antzekoak; IOT eta beste termino batzuen esanahia San Jorge LHIIko irakasleen eskutik ezagutzeko.
STEAM LH Ikaslan Bizkaiak Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera STEAM bokazioak gazteenen artean, eta, bereziki, nesken artean, sustatzeko egindako apustua da; izan ere, oraindik ere oso neska gutxi dago arlo horretako goi-mailako prestakuntzan eta lan-munduan. Gainera, proiektu horrek gerturatu egin ditu mutilak osasungintzaren eta zaintzaren sektorera, genero-rolak hautsi eta gizartean zaintzek duten garrantzian sakontzeko asmoz.
Ikaslan Bizkaiak eskertu egiten ditu Repélega LHIIko irakasleek gure lurraldeko STEAM etorkizunari ateak irekitzeko erakutsitako prestutasun ona eta gogoa.