- Iaz esperientzia pilotu bat egin zen, eta oso balorazio positiboa izan zuen. Horren ondorioz, Ikaslan Bizkaiak, Arabak eta Gipuzkoak hitzarmen berri hau sinatu dute Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioarekin, HEIZErekin, 35 ikastetxeren inplikazioarekin.
- Ikaslan sareko ikastetxeren batean 1. maila egiten duten 11.000 ikasleetatik, % 70ek LH Duala egingo dute aurten.
- 2024-2025 ikasturterako Ikaslaneko ikaslegoaren % 100ek DUAL modalitatean ikasiko duela aurreikusten da, eta 5.000 enpresa inguru inplikatuko dira eredu honetan.
Atzo, Gasteizko Mendizabala LHII ikastetxean Ikaslan Bizkaiak, Arabak eta Gipuzkoak HEIZErekin, Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioarekin, sinatutako hitzarmenaren arabera, Administrazio eta Finantza zikloko 20 ikaslek, Gizarteratze eta Ingurumen-hezkuntzako 16k eta Sistema Mikroinformatikoetako eta Sareetako 18k lehen lan-harremana izango dute ikastetxe publikoetan.
Lau erakundeen arteko lankidetza ohikoa eta oso positiboa izan da azken urteotan. Hori dela eta, hitzarmen honek beste urrats bat eman nahi du, eta modu egonkorrean sustatu Lanbide Heziketa Dualeko ikasketak, Hezkuntza Sistema Publikoko eragile gisa.
LH Dual Orokorra eta Aurreratua
Lanbide Heziketa Dual Orokorrak lehen mailako ikasleek beren prestakuntzaren zati bat otsailetik aurrera enpresan egitea proposatzen du. 112 eta 128 ordu bitartean egin beharko dira, eta ikastetxeak eta enpresak adostutako programa osatuko dute. Kasu honetan, ez dago inolako kontratu-harremanik.
Bigarren ikasturtean, ikasleek bi aukera izango dituzte enpresan prestatzen jarraitzeko:
- Lantokiko Prestakuntzako modulua egitea martxotik ikasturtea bukatu arte, orain arte izan den bezala.
- Ikasturte hasieratik Lanbide Heziketa Dual Aurreratua egitea, txandakako prestakuntza-kontratu baten edo beka baten bidez.
Guztira, Lanbide Heziketa Dualarekin 500-800 orduko praktikak aurreikusten dira bi ikasturteetan, laneratzea errazteko helburuarekin, gaur egun jada % 80tik gorakoa dena.