Ikaslan Bizkaia prestakuntza-prozesuetan benetako integrazioa bermatzen duten soluzioak lortzera bideratutako nazioarteko proiektu bateko liderra da.
EduChampions – Fostering edupreneurship to embrace learners’ diversity izeneko proiektuaren abiapuntua da ezinbestekoa dela edozein motatako zailtasunak eta/edo aukera gutxiago dituzten pertsonek beren bizitzetan aurrera egiteko baldintza eraginkorrak sortzea. Izan ere, hezkuntzak funtsezko rola du ekuazio horretan, norbanakoaren garapen pertsonala, soziala eta profesionala ahalbidetzen duen eragile bultzatzaile gisa. Dena den, ingurune horretan gertatzen diren integrazio-prozesuei heltzeko, ez da nahikoa tresna metodologiko eta teknologikoak atontzea: hezkuntza-ekosistemetako eraldaketak bideratuko dituzten ikuspegi berritzaileak ere behar dira.
Azken urteetan hainbat dira edupreneur ikuspegitik hezkuntzaren arloan berrikuntzak proposatu dituzten ekimenak. Pertsona horien guztien helburua da balioa emango duten eta ekonomikoki bideragarriak izango diren prestakuntza- eta heziketa-soluzio berritzaileak proposatzea. Ildo horretan, egiten dituzten aldaketa-proposamenak ez dira irudimenean geratzen: posible da ideia horiek gauzatzea, hain zuen, berrikuntza-prozesuan ideiaren bideragarritasunari loturiko hainbat alderdi aurreikusten direlako. Besteak beste, beharko diren baliabideak eta espero den eragina.
Edupreneur mentalitatea sustatzea hezkuntza-arloko profesionalengan
EduChampions proiektuaren helburua da irakasleei eta hezkuntza-arloko espezialistei erreferentziak eta tresnak ematea, beren aditu posiziotik gaikuntza-prozesuetan ekitatea eta aukera-berdintasuna bermatuko dituzten hobekuntzak susta ditzaten.
Abiapuntua da denok garela behar ezberdinak dauzkagun ikasleak. Horregatik, proiektua edupreneurrak diren pertsonen historia inspiratzaileetan oinarrituko da. Edupreneur delakoak hezkuntzaren arloan beren narratiba eta ikuspegietan praktika berritzaileak bilatzeko ekintzailetzara jo duten pertsonak dira, zehazki, Lanbide Heziketaren arloan jarduten dutenak. Adibide horiei esker, errazagoa izango da ikasleengan zentratutako pedagogiekin, tresna digitalen erabilera esanguratsuarekin eta hezkuntza-arloko ekintzailtzarekin lotutako estrategia eta tresna garrantzitsuenak identifikatzea. Esperientzia horietatik abiatuta, EduChampions proiektuak informazioa bildu eta sintetizatu egingo du, hezkuntza-arloko profesionalei beren egungo praktikak birpentsatzen eta aniztasuna ikasgelan modu erreal eta efektiboan integratzeko aukera berriak aztertzen lagunduko dieten ikaskuntza-baliabideak sortzeko.
Zehazki, honako hauek izango dira proiektuaren emaitzak:
- Taula interaktiboa: hezkuntza-ekosistemen aldaketan eragiten dute edupreneur delakoen lorpenak erakusten dituzten infografia interaktiboak.
- Ikaskuntza-ibilbidea: irakasle-taldeek hezkuntza-arloko ekintzailentzarako dituzten gaitasunak garatzeko informazio-ibilbidea.
- Sareko ikaskuntza-estazioak: sarbide irekiko online plataforma, EduChampions proiektuak garatutako infografiak, tresnak eta ariketak bilduko dituena.
Ikaslan Bizkaiak koordinatuko du EduChampions taldea proiektuak hartuko dituen bi urteetan
Lanbide Heziketako, berrikuntzako, hezkuntza-arlora egokitutako garapen teknologikoko, estrategiako, gizarte-integrazioko eta aniztasuneko adituak biltzen dituen talde transnazional bat arduratuko da proiektuaz. Guztira, 7 herrialde ordezkatzen dituzten Europako 8 erakunde egongo dira tartean.
- Ikaslan Bizkaia (koordinatzailea). Espainia. Lanbide Heziketa sustatzeko eta hobetzeko helburua duen irabazi-asmorik gabeko elkartea.
- Mindshift Talent Advisory lda, Portugal. Giza kapitalean espezializatutako aholkularitza-enpresa. Gizartean eta erakundeetan pertsonen arteko heldutasuna eta heldutasun digitala sustatzeko helburua du.
- İnovasyon Girişimcilik Eğitim ve Araştırma Derneği, Turkia. Gizarte-berrikuntzara dedikatzen den gobernuz kanpoko erakundea. Gazte eta helduentzat lan-aukera berriak sortzea du helburu.
- Foundation Maker’s Place Private Company, Grezia. Gaitasun berriak aktibatuz eta metodologia disruptiboak erabiliz, erakunde eta taldeetan eraldaketa sustatzen duen aholkularitza-enpresa. Zehazki, berrikuntzaren kudeaketan dago espezializatuta.
- Centre for Advancement of Research and Development in Educational Technology LTD-Cardet, Txipre. Lanbide Heziketan, enpresa-gaitasun digitaletan eta norberaren gaitasunen garapenean esperientzia globala duen ikerketa- eta garapen-zentroa. Txipre.
- Disruptia, SLU, Espainia. Hezkuntza-arloko erakundeei eta erakunde publikoei eraldaketa digital efektiboa lortzeko estrategiak garatzen laguntzen dien enpresa.
- Training 2000 psc, Italia. Marche eskualdeko helduentzako hezkuntza-zentro egiaztatua. Esperientzia du hainbat sektoretako prestakuntzan eta heziketan.
- Biedriba Eurofortis, Letonia. Gaitasun pertsonalen eta profesionalen garapenean lan egiteko duen zentro txekiar-letoniarra.
Aurreikuspenen arabera, urtarrilean abiatuko da proiektua Grezian, eta 2024ko amaieran bukatuko da.
Hemen aurki dezakezu proiektuari buruzko informazio gehiago.