Urtarrilaren 17an eta 19an, Biltzen – Gizarteratzea eta Kulturarteko Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuak Atzerritarren Legearen erreformak prestakuntzagatiko errotzeari dagokionez ekarriko dituen berritasunak jakinaraziko dizkio Lanbide Heziketaren ekosistemari.
Atzerritarren Erregelamendua (629/2022) uztailean onartu zuen Estatuko gobernuak, eta eguneratu egin ditu egiaztagarria den prestakuntza bat egiten duten atzerritarrei aldi baterako bizileku-baimena emateko bete beharreko eskakizunak. Besteak beste, arau berriak aukera ematen die prestakuntza egiaztatua egiten dutenei prestakuntzagatiko errotzea lortzeko. Aldagai hori zuzenean dago lotuta LHko ikastetxeek ematen dituzten enplegurako prestakuntzako ikastaroekin, eta, salbuespenez, baita iraupen luzeagoko prestakuntza-eskaintzekin ere, adibidez, LHko masterrarekin.
Ikaslan Bizkaiaren Ikasgida Orientazio Zerbitzua kontziente da prestakuntzagatiko errotze horrek sortuko duen ziurgabetasunaz, eta horregatik, saio informatiboa antolatu du Biltzenekin batera. Bertan, araudi berriaren alderdirik garrantzitsuenak azalduko dira. Topaketa horretan, enplegurako prestakuntzaren arduradunek, orientazioko eta bitartekaritzako adituek eta Lanbide Heziketako ikastetxeetako idazkaritzetako langileek aukera izango dute legearen birformulazioak LHko ikastetxeei ekarriko dizkien inplikazioei eta aukerei buruzko zalantza guztiak argitzeko.
Interesdunentzat bertaratzea errazagoa izan dadin, bi egunetan egingo da jardunaldia: 2023ko urtarrilaren 17an (asteartea) eta 19an (osteguna). Saioek 2 orduko iraupena izango dute eta CIFP San Jorge LHIIn egingo dira, Santurtzin.
Edukiera mugatuta dagoenez, ezinbestekoa da jakitea zenbat pertsona bertaratuko diren. Horregatik, formulario honetan eman behar da izena jardunaldian parte hartzeko.