Zigilu honen bidez, Bizkaiko LHko ikastetxe publikoen sareak Itelazpik, telekomunikazioen erakunde publiko euskaldunak, LHren garapen teknologikoa sustatzeko eta sektoreko enplegua ikaslegoari hurbiltzeko egin duen lanaren balioa nabarmendu du.
Erakunde hauek 2018ko irailean hitzarmen bat sinatu zutenetik, Itelazpi eta Ikaslan Bizkaia lankidetzan aritu dira aktiboki, Lanbide Heziketan ikasketa zientifiko-teknologikoak sustatzeko zein enpresen eta ikastetxeen artean lotura estuagoak ezartzeko asmoz. Telekomunikazioak ezinbestekoak dira gizarte modernoa garatu ahal izateko eta sektoreak gero eta profesional gehiago eskatzen ditu, hortaz, bokazio horiek Lanbide Heziketatik bultzatzea ezinbestekoa da eskulanaren premia asetzeko.
Lankidetza-hitzarmen honen ondorioz, Itelazpik konpromiso sendoa izan du euskal LHrekin. Prestakuntza-jardunaldiak eta emisio-zentroetara ikasleentzako bisitaldi gidatuak egin dira, eta #TelekoSaria lehiaketa ere jarri zen abian, ziklo amaierako lan onena saritzea helburu duena. Era berean, erakunde publikoak FP Parke ekimenean parte hartu du, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak bultzatu zuena, Ikaslanen eta Hetelen lankidetzarekin. Proiektu horren bidez, Itelazpik industria hurbildu die ikasleei FP Parkeko foroen eta bisitaldien bidez, enpresaren funtzionamendua ezagutu dezaten. Elkarlan honek LHren garapen teknologikoa bultzatzea eta hazten ari den sektore honetan ikasleak sartzea izan ditu helburu, emakumezko ikasleei arreta berezia jarriz, gutxiengo baitira arlo hauetako ikasketetan.
Ikaslan Bizkaiak, bidezkoagoa den mundua lortzeko Gizarte Erantzukizun Korporatiboaren alde egin duen apustuaren barruan, Itelazpik egindako lana aitortu nahi izan da telekomunikazioen euskal erakundeari GEK zigilua emanez. Aitorpen honen bidez, Itelazpik LH publikoarekin aktiboki lankidetzan jarrai dezan eta euskal produkzio-sarearen eta prestakuntza-zentroen artean loturak sor ditzan pizgarri bat eman diogu erakundeari.