Bizkaiko LHko ikastetxe publikoen sareko irakasle- eta zuzendaritza-taldeek zein elkarteko ordezkariek Berlingo Lanbide Heziketari lotutako erakundeak bisitatu ahal izan zituzten maiatzaren 2tik 6ra. Erasmus+ programako Ekintza Nagusi 1 (KA1) proiektuen barruan, eta Bizkaiko sareak nazioartekotzearekin duen konpromisoaren barne, bidai honi esker parte-hartzaileek gertutik ezagutu ahal izan dute Alemaniako LHko sistemaren funtzionamendua.
Berlingo Lanbide Heziketako zentroetara egindako bisitak Artisautza Ganberan hasi ziren, eta bertan Mekanizazioa, Eraikuntza edo Automozioa bezalako ziklo industrialen esparrua jorratu zen. Besteak beste, sektore horietan dagoen langileen eskaria, LH Dualaren bidez enpresekin garatzen den lankidetza eta ekintzailetzak hezkuntza-programetan duen garrantzia nabarmendu ziren.
Ondoren, Ernst Litfass School LHko ikastetxeko eta Arrivo Practice Workshops gizarte-zentroko jarduerek erakunde horiek kultura-aniztasuna nola landu duten ikasteko balio izan zuten, prestakuntzaren bidez atzerritarrei eta errefuxiatuei egindako harrerari begiratuz. Azken horrek, zehazki, pertsona horiek komunitatean kualifikatzea eta integratzea bilatzen du, arte-proiektu espezifikoen eta auzoekin lankidetzaren bidez.
Bisitatutako azken ikastetxean, OSZ Gastgewerbe Ostalaritza eta Turismo eskolan, gaitasunak azterketen bidez egiaztatzeko prozesua azpimarratu zen, baita ikastetxeek zein ikasleek enpresekin duten harremana komunitate horien arteko komunikaziorako app baten bidez nola gauzatzen den ere. Azkenik, Lanbide Heziketako Hornitzaileen Elkarte Federala bisitatu zen, Lanbide Heziketako sareen arteko lotura indartzeko zein etorkizuneko partaidetzak bultzatzeko, eta Europar Batasun osoko arazo komunak partekatzeko.
Jardunaldi hauen bitartez, Ikaslan Bizkaia sareko parte-hartzaileek gaur egun bizi ditugun antzeko arazoak Alemaniako ikastetxeetan konpontzeko erabiltzen diren metodologiak ezagutu dituzte, adibidez, industria-arloko zikloetan dagoen ikasle falta. Irakasle-taldearen nazioartekotzea ezinbestekoa da Ikaslan Bizkaiarentzat, berrikuntza eta hezkuntza-programen hobekuntza erraztuko duten gaitasun berriak lortzea ekartzen baitu.