Joan den apirilaren 8an, Ikaslan Bizkaiak 70 bat hezkuntza-orientatzaile bildu zituen informazio-jardunaldi batean Lanbide Heziketak ikaslegoarentzat enplegagarritasun handiko aukera bezala duen balioa nabarmentzeko, produkzio-sarean lanbide-profil hauen eskariaren gorakada azpimarratuz.
45.000 kontratazio baino gehiago 2022an, eta sortuko diren lanpostu guztiak betetzeko LHko profil nahikorik ez. Hauek dira Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren aurtengo datuak, eta euskal LHk dituen aukerak erakusten dituzte; izan ere, une honetan ziklo hauetako ikasleek unibertsitate-graduetan baino okupazio-tasa handiagoa dute. Hala ere, ziklo horietako ikasleen kopurua ez dator bat enpresen eskariarekin, eta LH ez da hain aukera erakargarria gazteentzat. Matrikulazioa sustatzeko ekintza-esparruaren barruan, Ikaslan Bizkaia, lurraldeko LHko ikastetxe publikoen sarea, Euskadiko ikastetxeetako orientatzaileei zuzendu zitzaien joan den ostiralean, BECen ospatutako LHTopa! jardunaldian Lanbide Heziketak ikasleei eskain diezaiekeen guztiaz jakinarazteko.
Lehenengo mintzaldia Rikar Lamadridena izan zen, Lanbide Heziketako Sailburuoerdetzako Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariarena, zeinek gaurko euskal produkzio-sarearen eta sortuko diren lanpostuak betetzeko lanbide-profilen eskariaren irudia marraztu zuen. Lanpostu horien guztien ia erdia (% 48,1) Lanbide Heziketari dagozkio. Halaber, Lamadridek datozen urteetarako aurreikusita dagoen jubilazio-kopuru handia, 14.000 baino gehiagokoa urte honetan soilik, eta lanpostu horiek betetzeko LHko profilik eza azpimarratu zuen.
“Zuen (orientatzaileen) eskuetatik pasatzen diren pertsonek beren etorkizunaren zati bat jartzen dute zuen eskuetan”
Bestalde, Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren ordezkariak enplegua sortzeak eta belaunaldien arteko erreleboak enpresa-sarearen garapenari ekar diezazkioketen aukerak adierazi zituen, baita euskal Lanbide Heziketak berrikuntzak egiteko eta Ethazi (erronketan oinarritutako ikaskuntza) bezalako metodologiak integratzeko egiten dituen ahaleginak ere, ikasleak lan-jarduerarekin lotzeko. Lamadridek, horrela, Lanbide Heziketa ikasleei eskain diezazkieketen aukeren barruan kontuan hartzera animatu zuen orientazio-taldea, eta ikasleen etorkizuneko prestakuntzan izango duten funtsezko papera gogorarazi zuen hitz hauekin: “zuen eskuetatik pasatzen diren pertsonek beren etorkizunaren zati bat jartzen dute zuen eskuetan”.
Jarraian, Alba Estanyolek eta Mariano Románek, Ikaslan Bizkaiako ordezkariek, LH publikoaren funtzionamendua eta matrikulazio-prozesua azaldu zituzten, 2022-2023 ikasturterako laster hasiko dena, eta, testuinguru honetan, Estanyolek “orientazioa hezkuntza-sistemaren oinarri” dela adierazi zuen. Era berean, Lanbide Heziketa bokazio gisa balioetsi zen, eta ez soilik enplegagarritasuna hobetzeko tresna gisa; izan ere, 23 prestakuntza-familiek LHn dauden aukera-sorta zabaltzen dute, eta aukera hauek daudela “ikasleei erakutsi nahi diegu”, Romanen arabera.
Jardunaldiaren azken mintzaldia Asier Puenterena izan zen, Euskadiko Erregimen Bereziko Kirol Irakaskuntzen ikastetxe publiko bakarraren ikasketaburua, Kirolene KIIP. Publiko orokorraren artean nahiko ezezaguna den ikasketa-modalitate honek kirol-zikloen eskari handiari erantzuten dio, LHko ikasketa ofizialetan plaza gutxi baitaude. Puentek prestakuntza-ziklo horien berezitasunak azaldu zituen; izan ere, Erregimen Berezikoak badira ere, Erdi Mailako eta Goi Mailako tituluak zein Profesionaltasun Ziurtagiriak lortzea dakarte.
Azkenik, Barrutialde BHIko zuzendariak, Begoña Andrések, topaketaren gai garrantzitsuenak laburbildu zituen, eta BECen bildu ziren orientabideko 70 profesional baino gehiagori zuzendu zitzaien, Lanbide Heziketa gehiago ezagutzera eta ikasketa horiek ikasleengan sustatzera animatuz, “erronkak ez baitira biharko edo etziko, gaur ditugu erronkak”.