Apirilaren 5etik 7ra, Europako Working In Soft Skills for Employment proiektua Ikaslan Bizkaiko sarearen zenbait ikastetxetan eta beste interesgune batzuetan bildu da euskal LH publikoa eta erronka bidezko ikaskuntzako Ethazi metodologia ezagutzeko, WISE osatzen duten erakundeentzat erreferente direnak.
Gaur bukatu da WISE proiektu europarrak Bizkaian antolatu duen bisitaldi-astea, Lanbide Heziketako antolakundeen artean jardunbide egokiak partekatzeko ekintza-esparruaren barruan. Azkenengo hiru egun hauetan zehar, 9 erakundeetako ordezkariek Bizkaiko LHko ikastetxe publikoak bisitatu dituzte hezkuntza-eredu euskaldunaren balioa azpimarratzeko asmoz, Finlandiaren eredu ezagunarekin batera WISE proiektuarentzat aztergaia dena. Bisitaldi hauen arreta Ethazi metodologian jarri da, ikaslegoa lan-jarduera errealei era zuzenago batean lotzeko eta ziklo bakoitzeko gaitasunak garatzeko erronka bidezko ikaskuntzan.
Jardunaldia San Jorge LHIIn hasi zen, non Europako taldeak euskal LHren eta Ethazi metodologiaren funtzionamendua eta abantailak ezagutzeko aukera izan zuen, eta jardunbide egokien truke honek hurrengo egunean jarraitu zuen Tartanga LHIIn. Erandioko ikastetxe honetan, gainera, Bizkaiko Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentzia den DEMAk ENPRESARI programa aurkeztu zuen, euskal ikaslegoaren artean kultura ekintzailea sustatzeko ekimena. Jarraian, parte-hartzaileak Nicolás Larburu LHIIra joan ziren, non GizaLEADER proiektua ezagutu zuten, Ikaslan Bizkaiak abiatutako eta BBK fundazioak finantzatutako zeharkako gaitasunak edo soft skills-ak indartzeko programa, ikasleen enplegagarritasuna hobetzeko helburua duena.
Gaur, WISE proiektuak Emilio Campuzano LHII bisitatu du eta Confebask euskal patronalaren mintzaldia ere izan du, produkzio-sareak LHrekin duen konpromisoa eta lankidetza erakutsi duenak, enpresentzako Lanbide Heziketako profilek balio handia baitute. Azkenik, taldea Iberdrola Dorrera hurbildu da Tknikaren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak abiatu zuen berrikuntza-proiektuen garapenerako zentroaren, Erasmus+ nazioarteko proiektuen difusio jardunaldian parte hartzeko.
Honekin, WISE osatzen duten hezkuntza-erakundeek, Portugal, Italia, Finlandia, Noruega, Estonia eta Danimarkatik datozenek, jardunbide egokiak eta LHri aplikatutako metodologiak partekatzeko bigarren aurrez aurreko topaketa hau bukatu dute, eta proiektuak 2022ko irailera arte jarraitzea aurreikusita dago.