STEAM arloetan emakume gutxi egotea Bizkaiko Lanbide Heziketa Dualeko ikaslegoaren artean ere da joera: ikasle guztien % 10 baino gutxiago dira. Pandemiak ez ditu larriki zigortu LH Dualeko datu orokorrak, baina bide luzea dago egiteko STEAM zikloetako genero-arrakala hausteko.
Azken ikasturte honetan Ikaslan Bizkaiko sareko 308 ikasleek Txandakako Lanbide Heziketa Dual bat ikasi dute, hauetako 155ek enpresetan kontratu bidez eta 153k beken bidez. Hezkuntza-eredu honetako ikaslegoaren % 30 inguru emakumeak dira, datu positiboak emakumeek Bizkaiko LHn duten pisuari dagokionez. Hala ere, zenbakiek STEAM arloetan emakumeak sartzea sustatzeko lan handia dagoela egiteko erakusten digute; izan ere, LH Duala ikasten dutenen artean % 25ak soilik hautatzen du mota hauetako ikasketarik, eta gizonezkoen artean, berriz, datu hau ia % 80koa da. Beste era batera esanda, Bizkaian LH Duala egiten ari diren ikasleen erdia, gutxi gorabehera, STEAM zikloak ikasten duten gizonak dira, eta ziklo hauetan dauden emakumeak % 8 baino gutxiago dira.
Adibidez, ikasle gehien duen lanbide-arloetako bat Fabrikazio Mekanikoa da, horien % 80 gizonezkoak dituena, eta joera hau STEAM eremuetako beste ziklo batzuetan ematen da, hala nola Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze Lanak familian (% 10 emakumeak) edo Elektrizitatea eta Elektronikakoan (% 13 emakumeak). Bestalde, Zerbitzuetako sektoreak tradizionalki izan duen emakumezkoen gehiengoari eusten dio, eta kasurik argiena Gizarte eta Kultura Zerbitzuak familiakoa da, % 89 emakumeak baitira.
Orokorrean, aurtengo datu hauek 2019-2020 ikasturtean izan ziren 329 pertsonekin alderatuta jaitsiera txiki bat erakusten dute, baina COVID-19aren pandemiak isolamendura eta urruntze sozialera behartu gintuela eta honek enpresetan ziurgabetasun handia eragin zuela kontuan hartuta, aldea txikia da.
Krisialdi garaietan egon arren, enpresek LH Dualeko profilak kontratatzearen alde egiten duten apustuak prestakuntza-mota honek produkzio-sarearentzat duen balioa indartzen du, eta enpresetan egindako lanaren bidezko ikasketan oinarritutako ziklo hauek emaitza onak lortzea ahalbidetu du.