Urriaren 9tik 14ra bitartean egiten ari den zazpigarren edizioan, #ErasmusDays 2023 jaialdiak Europako kultur aniztasuna eta eskaintzen dituen ikasteko aukera ugariak ospatzen ditu.
Gaitasunen Europako Urtearen testuinguruan kokatuta, ekimen honek Europako mugikortasunean inplikatuta dauden eragileak gonbidatzen ditu, batez ere ikastetxeak, ikasleak eta irakasleak, eremu guztietan aukerak sortzen dituen programa balioan jartzera: hizkuntza- eta kulturarteko trebetasunak indartzea, enplegagarritasuna hobetzea eta tolerantzia, errespetua eta aniztasunaren balio europarrak sustatzea. 2022ko edizioan, 6.295 jarduera egin ziren mundu osoan. Aurten kopuru hori gainditzea aurreikusten da.
Ikaslan Bizkaiak bat egin du Europako mugikortasunaren ospakizunarekin
Ikaslan Bizkaian, Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen sare gisa, mugikortasunak gure ikasleen eta irakasle-taldearen ahalmena handitzeko duen garrantzian sinesten dugu. Zaloa Mitxelena, proiektu garapenaren arduradunaren arabera, mugikortasuna aukera bat da, ez bakarrik lanbide-eremuko konpetentzia teknikoak eta zeharkakoak hobetzeko, baita euskal Lanbide Heziketa erreferente bihurtzen jarraitzeko inspiratzen gaituzten beste eragile batzuen aukerak eta jardunbide egokiak detektatzeko ere.
Horregatik guztiagatik, ezin genuen saihestu Europar Batasunaren ekimen honetan parte hartzea. Urriaren 9az geroztik, Erasmus+ programan parte hartu duten gure ikastetxeetako ikasleen eta irakasleen esperientziak argitaratzen aritu gara Instagramen eta Facebooken. Urriaren 15era arte, Lorea, Asier, Carlos, Esti, Bruna, Majed, Ester eta Inmaculadak Batasuneko beste herrialde batzuetan ikasteak eta lan egiteak zer esan nahi duen azalduko digute.
Ospakizun honetan parte hartzera animatzen zaitugu, sare sozialetan ditugun argitalpenak jarraituz! Zuk ere Erasmus programa batean parte hartu baduzu edo zure iritziak partekatu nahi badituzu, Europako ospakizun honetan parte hartzera gonbidatzen zaitugu!