Urriaren 2tik 3ra, Praline proiektuko partaideak Zagrebeko Merkataritza eta Artisautza Ganberan bildu ginen, bizialdi osoko ikaskuntzaren esparruko ekimen kroaziar nabarmenak aztertzeko eta pertsona helduen prestakuntzan parte hartzen duten herrialdeko eragileak ezagutzeko.
“Bonu” sistema, bizialdi osoko prestakuntza sustatzeko
Lan Ministerioak eta Kroaziako Enplegu Zerbitzuak “bonu” sistema berri bat sortu dute, iraupen luzeko langabeei, ez-aktiboei eta lanik eta ikasketarik gabeko gazteei zuzendutako prestakuntza-programak finantzatzeko. Sistema hori gizabanako bakoitzari diru-kopuru zehatz bat ematean oinarritzen da, prestakuntza-zentroetan eraginkor egin daitezkeen bonu batzuen bidez. Ekimen honek 30.000 pertsona ingururi egingo die mesede.
Horrez gain, mikro-kredentzialen sistema bat garatu da, ikaskuntza-unitate laburrak, pertsonei lan-merkatuan modu eraginkorragoan nabarmentzeko eta aurkezteko aukera emango dien konpetentzia-multzo espezifiko bat eskuratzen laguntzea helburu duena.
Ekimen horien bidez, helduen parte-hartzea areagotu nahi da etengabeko ikaskuntzan, eta, ondorioz, besteren konturako langileen gaitasun-mailak hobetu, kalitatezko eskulana bermatu eta enplegurako trantsizioa eta langabeen aktibazioa erraztu.
Orientazioa eta sustapena, helduentzako prestakuntza sustatzeko gakoak
Kristina Mazalin, Kroaziako Enplegu Zerbitzuaren Bulego Nagusiko Lanbide Orientazioko eta Hezkuntzako Departamentuko Goi Aholkulari Adituaren txostenak azpimarratu zuen, ezinbestekoa dela herritarrei informazioa eta aholkularitza ematea, beren bizitzan zehar prestakuntza-erabaki orientatuak eta eraginkorrak hartu ahal izan ditzaten. Osasun-arazoak, ikasteko zailtasunak edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan daudenei orientazio pertsonalizatua ematearen garrantziari erreparatu zitzaion bereziki. e-Guidance ataria informazio- eta aholkularitza-iturri baliotsua da, bezeroei beren ibilbide profesionalak garatzen eta funtsezko erabakiak hartzen laguntzen diena.
Bestalde, Nives Novak Etengabeko Ikaskuntza Garatu eta Sustatzeko Ataleko buruak, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako eta Helduen Hezkuntzako Agentziak, nabarmendu zuen garrantzitsua dela herritarrek beren konpetentzia profesionalak eta pertsonalak eguneratzearen garrantziaz duten pertzepzioan sakontzea. “Etengabeko Ikaskuntzaren Kroaziako Astea” k, urtero, herritarren artean bizialdi osoko ikaskuntza sustatzen du, eta tokiko erakundeak, helduen hezkuntza-hornitzaileak, elkarteak eta komunitateak sustapen-jardueretan inplikatzen ditu.
Ekimen pribatua ere beharrezkoa da
Itana Bukovacek, Samoborreko Unibertsitate Publiko Irekiko helduen hezkuntza saileko buruak, enpresariek eta estatuko eta tokiko agintariek finantzatutako programei buruzko hitzaldia eman zuen. Zagrebeko Artisautza Ganberak konpromisoaren adibide gisa balio du, artisautzako lanbideen sustapenean eta birmoldaketan aktiboki parte hartuz.
Praline proiektuaren ondorioak hurbiltzen ari dira
Proiektua datozen asteetan amaituko da Rotterdamen. Ekitaldi honetan, Praline proiektuko bazkide bakoitzak bere ondorioak aurkeztuko ditu, hilabete hauetan Herbehereetan, Erresuma Batuan, Euskadin, Portugalen, Irlandan, Finlandian, Eslovenian, Estonian, Frantzian eta Kroazian bildutako metodologien, esperientzien eta jardunbide egokien azterketatik eratorriak. Gainera, herrialde bakoitzaren egoera balioetsiko da, bizialdi osoko ikaskuntzari dagokionez. Ikaslan Bizkaia, hezkuntza-kalitatea hobetzeko etengabeko ahaleginean, Praline proiektuaren parte da. Urte hauetan, helduen hezkuntza-hornitzaileen nazioz gaindiko sareak indartu nahi izan dira, elkarrekiko ikaskuntzaren, berdinen arteko aholkularitzaren eta gaitasunen sendotzearen bidez, eta, gainera, EUproVET sarea sendotzea lortu nahi izan da.