Lanbide Heziketako Europako hornitzaileen sarea, EUproVET, Bruselan bildu zen irailaren 12an eta 13an, Europako hezkuntza-erakundeetako eta Lanbide Heziketan diharduten erakundeetako ordezkariak bilduta.
Bertan izan ziren Jan Varchola –team leader in Vocational Education and Training Policy DG Employment– eta Anna Barbieri, team Leader for Apprenticeships and Erasmus+ bij European Commission, Europako helburuak lortzeko lanbide-heziketaren garrantzia azpimarratuz.
Lanbide Heziketaren rol aktiboa Europako hezkuntza-politiketan
Lehen jardunaldian, Europako Batzordeko ordezkariek lanbide-heziketak Europan duen garrantzia azpimarratu zuten. Lanbide Heziketa funtsezko eragiletzat jotzen da Europako lan-indarraren trebetasunak hobetzea eta eguneratzea, produkzio-sistema berde eta iraunkor batera igarotzea, digitalizazioa eta trebakuntzaren nazioarteko dimentsioa indartzea sustatzen duten politikak eta ekimenak garatzeko, Osnabrückeko Adierazpenean jasotzen den bezala.
Joe Bresserrek, Netherlands House of Education and Research (Neth-ER) topaketako anfitrioi gisa, Europar Batasunak datozen hilabeteetan izango dituen aldaketak eta erronka berriak nabarmendu zituen. Horien artean, Europako Batzordearen hurrengo hauteskundeak, karguen berrantolaketa eta harreman berriak sendotzeko beharra ekarriko dutenak, LHko hornitzaileen eta Europako Batzordearen arteko elkarrizketa bultzatzeko. Bresserrek Lanbide Heziketako hornitzaileen arteko lankidetzaren beharra azpimarratu zuen, Europan haien ahotsa entzunarazteko.
Trebetasunen Europako Urtea: 2023ko maiatza – 2024ko maiatza
Jan Varcholak European Year of Skills delakoari buruz hitz egin zuen, baita produkzio-sistemak eskatzen dituen trebetasunen urritasunari dagokionez Europak aurre egin beharreko erronkei buruz ere. Aurkeztutako datuen arabera, 2019an, Europako enpresen % 77ri zaila egin zitzaien beharrezko trebetasunak zituzten langileak aurkitzea. Hala eta guztiz ere, helduen ikaskuntzako partaidetza-tasak txikia izaten jarraitzen du, % 37ko parte-hartzearekin soilik.
Trebetasunen Europako Urtearen helburua da Europako lan-indarraren trebetasunak birkualifikatzea, eguneratzea eta hobetzea. Hori lortzeko, inbertsio eraginkorragoa eta inklusiboagoa behar da, trebetasunak sustatzea, asmo pertsonalak lan-aukerekin lerrokatzea eta hirugarren herrialdeetatik talentua erakartzea. Varcholak Europatik abian jartzen ari diren ekimenekin amaitu zuen hitzaldia. Ekimen horietan, gaitasun digitala garatzeko eta hobetzeko proposamenak jasotzeko guneak edo ikaskuntzarako mugikortasun-esparru eguneratu bat daude.
Lankidetza eta EUproVET sarearen hurrengo erronkak
Bigarren jardunaldian, EuproVETeko sei bazkideek Europako lanbide heziketaren hurrengo erronkei aurre egiteko modua jorratu zuten. EBko Lanbide Heziketako politiken arduradunekin eraginkortasunez lankidetzan aritzearen eta komunikatzearen garrantzia nabarmendu zen.
Ez da ahaztu behar EUproVETek bere gain hartuko duela VET4U2 sarearen lanaren koordinazioa, datozen hilabeteetan. LHko hornitzaileen Europako 4 elkarte (VTA, EfVET, EUproVET, EVBB) eta goi-mailako hezkuntzako bi elkarte (EUCEN eta EURASHE) biltzen dituen sare hori Europako Batzordearen erreferentziazko solaskidea da 2010az geroztik. EBko LHko politiken arduradunekiko lotura gisa, une hau funtsezkoa da sarearentzat politiketan eragiteko eta ezarritako helburuak lortzeko.
Abiapuntu gisa, EUproVET sareak funtsezko hiru mezu adostu zituen Europako Batzordeari helarazteko datozen hauteskundeei begira:
- Hezkuntza eta lanbide-heziketa funtsezko eragile gisa identifikatzea Europako Batzordearen inplementazio-planean. Plan horrek bizitza osoko ikaskuntza, helduen prestakuntza eta trebetasunen garapena bultzatzeko politika-arloak sendotzen ditu.
- Hezkuntza eta Lanbide Heziketa hezkuntza-bide bideragarri gisa eta Goi Mailako Hezkuntzaren pareko bazkide gisa kokatzea, prestigiozko berdintasuna duen ekosistema bateratu baten zati gisa, sektorearen ikuspegi eta finantzaketa baten bidez babestua.
- Hezkuntza eta Lanbide Heziketa funtsezko eragile bihur dadin ahalbidetzea, kohesio komunitarioa, inklusioa eta egitura sozialaren parte izateko. Horrek bizitza inklusibo, kolaboratibo eta oparoagoetara garamatza, arrazoi ekonomikoek eta gatazkek bultzatutako migrazioa babestuz.
EUproVET LHko hornitzaile europarrak ordezkatzen dituen elkartea da. 2009an sortu zen, eta gaur egun LH bultzatzeko konpromisoa duten 6 eragilek osatzen dute: AMKE (Finlandia), MBO Raad (Herbehereak), ETBI (Irlanda), SZKSC (Eslovenia), AOC (Erresuma Batua) eta Ikaslan Bizkaia.