Lanbide Heziketako EuskoSkills 2023 Txapelketak, maiatzaren 10ean eta 11n Irungo Ficoba erakustazokan izan da, nun Euskadi osoko 48 ikastetxetako 250 ikaslek parte hartu dute. 28 modalitatetan lehiatu dira, eta Ikaslaneko zentroek 25 domina eskuratu dituzte, 11 urrezkoak, 5 zilarrezkoak eta 8 brontzezkoak.
Irungo Ficoba erakustazokan elkarturik, Euskadiko Lanbide Heziketako 48 ikastetxetako 250 ikasle ari ziren lehian bi egunez 28 modalitateetan, publikoak zein itunpekoak. Aurtengo txapelketan, gainera, ikasle horien 155 tutorek ere parte hartu zuten, 28 koordinatzailerekin batera, lehiaketa-kategoria bakoitzeko bat.
Bi urtean behin Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzak antolatuta, EuskoSkillsek Hezkuntzako sailburu, Jokin Bildarratz, eta Lanbide Heziketako sailburuorde, Jorge Arévalo, izan zituen bisitan, baita LHko eta DBHko 1300 ikasle inguru ere, txapelketaren nondik norakoak ikustera eta gaur egun Euskal Lanbide Heziketak eskaintzen dituen ziklo eta titulazio ugari ezagutzera hurbildu zirenak.
EuskoSkills edo “Lanbide Heziketako olinpiadak” Oinarrizko, Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako zikloetan matrikulatutako ikasleei zuzendutako lehiaketa da. Bertan, parte hartzen duten ikasleek egiten duten heziketa-zikloaren berezko trebetasunak dituztela erakutsi behar dute, egun eta erdian hainbat proba eginez. Hala ere, EuskoSkillsek, lanbidearen edo sektorearen gaitasun teknikoez gain, ikasleak proba amaitzeko zabaldu behar dituen zeharkako beste gaitasun batzuk ere baloratzen ditu.
Edizio honetan, Ikaslanekin elkartutako 10 ikastetxe bizkaitarrek, 25 domina lortu zituzten guztira modalitate ezberdinetan. Horietatik, 11 urrezkoak izan ziren, 6 zilarrezkoak eta 8 brontzezkoak. Galdakaoko Ostalaritza LHII, Bilboko Elorrieta Erreka-Mari LHII eta Txurdinaga LHII zentroak, izan ziren domina gehien irabazi zituztenak, sei, bost eta lau, hurrenez hurren.
Edizio honetan lehiatzen ziren 28 modalitateen artean, Ostalaritzarekin lotutakoak izan ziren Bizkaiko zentroek domina gehien irabazi zituztenak, modalitate honetarako zazpi guztira, eta ondoren, komunikazioekin eta informatikarekin lotutako modalitateak, lau dominarekin.
2024ko urtarrilean, Madrilen ospatuko diren SpainSkills estatuko txapelketetan Euskadi ordezkatuko dute, EuskoSkills 2023 edizio honetan kategoria bakoitzean irabazle suertatuko diren ikasleek. Ondoren, EuroSkilletan eta WorldSkills izenez ezagutzen diren munduko txapelketetan lehiatzeko aukera izango dute.