Lanbide Heziketa Dualaren Gidan ibilbide berria ezagutaraziko da, berrikuntza gisa, enpresan prestatzeko eredu esperimental berri bat ezartzen duena, 1. eta 2. mailan. Ekimen hau 21/22 ikasturtetik ari da garatzen esperientzia pilotu gisa, eta Autonomia Erkidego osora zabaltzeko helburua du.
Confebask Enpresa Erakundeak “1. eta 2. mailako Ibilbide Dual Berriaren Informazio Gida” abiarazi du, Euskal Autonomia Erkidegoko mikroenpresei, saltoki txikiei eta autonomoei Lanbide Heziketa Dualaren ibilbide berria ezagutarazteko. Horren bidez, modalitate berri horren ezaugarriak eta abantailak ezagutu ahal izango dituzte. Modu erraz eta didaktikoan, enpresek praktiketako ikasleak hartzeko beharrezkoa den informazio guztia kontsultatu ahal izango dute, baldin eta ikasleek oinarrizko baldintza batzuk betetzen badituzte, hala nola Lanbide Heziketako Sailburuordetzak baimendutako zentroren batean matrikulatuta egotea, erdi-mailako edo goi-mailako heziketa-zikloren bat egiten aritzea eta enpresan hasterakoan 16 urte beteta izatea egiaztatzea.
Berritasun aipagarrienak dira LHko ikasleek Lanbide Heziketa Dualaren ibilbide berri hau egin ahal izango dutela heziketa-ziklo osoan, 1. eta 2. kurtsoak hartzen dituena, aurretik 2. mailan bakarrik egiten bazen, eta, gainera, bi modalitateren artean aukeratu ahal izango dela. Aldaketa horiek malgutasun handiagoa ematen dute lantokiko prestakuntza egiteko orduan, eta, era berean, ikasten den lanbidearen ezagutza hobetzen laguntzen dute.
Lanbide Heziketaren ibilbide berriak abantailak ere eskaintzen dizkie enpresei, langileak hartzen baitituzte, eta haien beharretara egokitu eta beren enpresa-prozesuetan eta -kulturan trebatu ditzakete, etorkizuneko talentuko harrobia sortuz, belaunaldien arteko erreleboan pentsatuz edo enpresaren lehiakortasuna hobetuz.
Euskadiko Lanbide Heziketa Dualak 2012an ekin zion negozioen beharretara egokitzeko ibilbideari, prestakuntza-maila, iraupen eta prestakuntza-egonaldiaren hasierako une desberdinetako ibilbideak ezartzeko aukera emanez, eta, horrela, enpresa gehiagok praktiketako ikasleak hartzea erraztuz. Orain, 21/22 ikasturteaz geroztik, Lanbide Heziketako ikastetxe publiko eta pribatuetan egiten ari den esperientzia pilotuarekin, are gehiago bultzatu nahi da edozein sektoretako enpresen parte-hartzea, ikasleen eta enpresen arteko lankidetzaren aurreko eta egungo esperientzia onari balioa emanez.