Ikaslan Bizkaiak koordinatzen duen ekimeneko kideak joan den otsailaren 23an bildu ziren Grezian, EduChampions proiektuan parte hartzen duen Found.ation erakundearen egoitzan. Bileraren helburua irakasle-taldeen artean edupreneur mentalitatea sustatzen jarraitzeko lankidetza-lana antolatzen jarraitzea izan zen. Mentalitate horrek ekintzailetzaren genea hezkuntzaren arlora eramatea du xede, eta Europako 7 herrialde (Espainia, Italia, Portugal, Letonia, Txipre, Grezia eta Turkia) uztartzen dituen proiektu honen ardatza da.
EduChampions – Fostering edupreneurship to embrace learners’ diversity Europar Batasunak diruz laguntzen duen Erasmus + programaren baitako proiektu bat da. 2022ko abenduan eman zitzaion hasiera, eta Ikaslan Bizkaia arduratzen da koordinazioaz. Ekimen honetan, hezkuntza-ekosistemak ekintzailetzaren bidez dinamizatzen dituzten edupreneurren lorpenak partekatzeko infografiak eta irakasleek hezkuntza-arloan ekiteko dituzten konpetentziak sustatzeko ibilbide bat egitea aurreikusten da. Ikuspegi berri horiek bereziki egongo dira bideratuta Lanbide Hezietan aniztasuna eta aukera-berdintasuna sustatzera.
2022. urtearen amaieran egin zen lehen bilera birtuala, eta orduan eman zitzaion hasiera EduChampions proiektuari. Orain, Atenasen bildu dira aurrez aurre lehen aldiz proiektuan parte hartzen duten 8 erakundeetako 11 ordezkari, 2024ko azarora arteko lana antolatzeko. Greziako hiriburuan, proiektuan partekatuko dituzten helburu eta metodologiak adostu zituzten, baita hurrengo bileretarako bete beharreko antolakuntzari lotutako helburuak ere. Apirilean, bilera birtual baten bidez egingo zaie jarraipena parte-hartzaileek martxan jarritako proiektuei, eta aurrez aurreko hurrengo topaketa Tenerifen izango da. Hain zuzen, proiektuan parte hartzen duen Disruptia erakunde espainiarrak antolatuko du aurrez aurreko hurrengo bilera hori.