Ikaslan Bizkaia WISE – Working in Soft Skills for Employment proiektuko kide da, eta horri esker, Finlandiako LHko sistema bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen joan den astean Vaasan egin zen proiektuko azken topaketan. Europar Batasuneko 7 herrialde biltzen ditu enplegurako trebetasun sozialak (soft skills delakoak) garatzeko jardunbide egokiak partekatzera bideratutako proiektu honek.
WISE proiektua osatzen duten Finlandiako, Espainiako, Italiako, Danimarkako, Estoniako, Norvegiako eta Portugalgo erakundeetako hogeita hamar ordezkari inguru bildu ziren otsailaren 14an, asteartearekin, Ostrobotniako Lanbide Heziketako YA! ikastetxean, zeina Ostrobotnia eskualdeko hiriburuan kokatuta dagoen. Ikastetxeko nazioarteko koordinatzaile Susanna Vestling-ek eman zion hasiera Finlandiako LHko sistemaren lehen aurkezpen-jardunaldiari. Horretarako, bi ikastetxetako ereduak hartu zituen oinarritzat: YA! ikastetxekoa eta Kpedu ikastetxekoa. Azken hori ere Ostrobotnia eskualdean kokatuta dago, Erdialdeko Ostrobotnian hain zuzen, eta proiektuko kide da. Sistema konpetentzia-unitateetan dago oinarrituta, eta ez prestakuntza-moduluetan. Horri esker, malguagoa da, eta handiagoa da ikastetxeek inguruko industriekin duten lankidetza-harremana, eskualdeko gaikuntza-beharrizanei erantzun ahal izateko.
Ondoren, YA! ikastetxeko irakasle eta giza garapeneko eta hezkuntzako arduradun Carina Kekäle-k hartu zuen hitza, ikastetxeak metodologia pedagogikoak irakasleekin partekatzeko erabiltzen duen prozeduraren berri emateko. Horrez gain, lantokiko prestakuntza integratzeko modu ezberdinetan ere sakondu zuen. Horretarako, bi modu daude: batetik, prestakuntza-kontratu bidezko praktika ez-ordainduak, eta bestetik, apprenticeship delakoaren bidezko praktika ordainduak. Azken kasu horretan, prestakuntza espezifikoa jasotzen dute ikasleek ikastetxeak gainbegiratzen duen enpresa batean.
Bigarren egunean, Erdialdeko Ostrobotniako hiriburura joan ziren, Karleby-ra (Kokkola, finlandieraz), arestian aipatutako Kpedu ikastetxea bisitatzera. Instalazioak ikusi aurretik, Sirkku Purontaus zuzendariak eta nazioartekotzearen arduradun Heidi Jokinen-ek ikastetxearen datuak eta helburuak aurkeztu zizkieten bertaratuei. Ikastetxeko espezialitateen artean, hipika eta ikus-entzunezkoak daude, eta beraz, jarduera horietara bideratutako eremu zabalak eta punta-puntako teknologiak dituzte, esaterako: zaldi-simulagailuak, telebista-kontrolerako gelak eta kromadun telebista-platoak, zuzeneko emankizunak egiteko ere balio dutenak.
Azken eguna YA!-n egin zuten otsailaren 16an, soft skills edo zeharkako konpetentziei lotutako jardunbide egokiak trukatzeko. Batez ere e-learningean, ikaskuntza digitalean eta plataforma birtualen erabileran zentratu ziren. Ez hori bakarrik, ikasleentzako daukaten plataforma digital propioa aurkezteaz gain, ikastetxeak digitalizazioa hobetzeko berak bakarrik eta beste erakunde batzuekin lankidetzan egin dituen proiektuei buruz ere hitz egin zuten.
WISE nazioarteko proiektua Erasmus+ programaren parte da eta Europar Batasunaren dirulaguntza jasotzen du. Proiektuaren helburua da, hain zuzen, Europako LHko ikastetxeek ikasleen enplegagarritasuna hobetzen duten soft skills edo zeharkako konpetentziak lantzeko dauzkaten estrategiak partekatzea. Proiektuari datorren maiatzaren 8an eta 9an emango zaio amaiera, Norvegian egingo den azken ikaskuntza-jarduera baten bidez.