Joan den astean Ikaslan Bizkaiaren egoitzan bildu ziren nazioz haraindiko #Me#Us#Now proiektuko kideak. Bertan elkartu ziren, hain zuzen, Ikaslan Bizkaia elkarteko eta Irlandako, Italiako eta Austriako erakunde europarretako ordezkariak. Santurtzin egin zen aurrez aurreko bigarren bilera horretan, LHko ikasle eta irakasleei zuzendutako jarduerak landu zituzten, ikasgeletara eraman eta kontzientzia klimatikoa sustatze aldera.
Joan den urrian aurkeztu zen Europako proiektu honetako lehen ikerketa-lanetik eratorritako txostena. Txosten horretako ondorioetatik abiatuta, Ikaslan Bizkaiak eta #Me#Us#Now proiektuan parte hartzen duten gainerako erakundeek –Austriako Jugend Am Werk Steiermark eta ENTER Network, Italiako Eurocultura eta Irlandako Meath Community– ikasgelan klima-aldaketaren gaineko kontzientzia lantzera eta irakasleek Garapen Jasangarrirako Helburuez (GJH) duten ezagutza sakontzera bideratutako hainbat dinamika landu dituzte. Izan ere, aurretik egindako ikerketa-lanari esker, posible izan da hautematea proiektuan parte hartzen duten herrialdeetan LHn dabiltzan ikasleen % 55ek eta irakasleen % 22k ez dituztela Nazio Batuek ezarritako GJHak ezagutzen. Halaber, inkestatuek ingurumenaren eta jasangarritasunaren arloko ezagutzetan sakontzeko interesa agertu zuten.
#Me#Us#Now proiektuaren helburua: ikasle eta irakasleengan GJHen gaineko kontzientzia piztea
Bizkaiko LHko ikastetxe publikoen sarea arduratu zen proiektuko aurrez aurreko bigarren saio horretan proposatu ziren metodologiak biltzeaz. Alde batetik, ikasleen kontzientzia klimatikoa eta GJHen gaineko ezagutzetan sakontzeko jarduerak daude, eta bestetik, irakasleei zuzendutakoak, beren ikastetxeetan egiten diren ekintzak ebaluatu eta ekintza horiek hobetzeko balizko bideak hautemateko helburua dutenak. Gauzak horrela, Europako erakundeek diseinatutako dinamikak partekatu zituzten bileran, eta kronograma bat ezarri zuten: udan berrikusiko dituzte dinamika horiek, aurrerago pilotajea eta ezarpena egiteko.
#Me#Us#Now proiektua Europar Batasunaren dirulaguntza daukan Erasmus + programa baten parte da, eta LHn klima-aldaketaren gaineko kontzientzia handitzea du xede. Aurreikuspenen arabera, Espainiako, Italiako, Irlandako eta Austriako erakundeen arteko lankidetza horrek 2024ko otsailera arte jarraituko du indarrean.