Biltzen zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzaren Gizarteratzea eta Kulturarteko Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuak, aste honetan San Jorge LHIIn prestakuntzagatiko errotzeari buruz gauzatzen ari diren informazio jardunaldietako lehena eskaini zuen atzo. Jardunaldi hauek Bizkaiko LHko ikastetxe publikoen elkarteak antolatu ditu, Atzerritartasun Legeari egin zaizkion aldaketek Lanbide Heziketarengan izango duten eragina aztertzeko asmoz.
2022ko uztailean, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak 629/2022 Errege Dekretua onartu zuen, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak Atzerritartasun Legeari proposatutako aldaketak dituena. Bertan, egoitza- eta lan-baimenak lortzeko lehendik zeuden errotzeak aldatzeaz gain, errotze mota berri bat gehitu zen: prestakuntzagatiko errotzea, LHko ekosistemari zuzenean eragiten diona. Aldaketa horietan sakontzeko, Ikaslan Bizkaiak informazio jardunaldi batzuk antolatu ditu, Biltzen zerbitzu publikoko teknikari juridiko den Nuria Martínezek emango dituena. Lehenengoa atzo ospatu zen San Jorge LHIIn, eta bihar ikastetxe berean errepikatuko da.
Aukera gehiago migratzaileentzat
Prestakuntzagatiko errotzea ez da ikasketa-bisarekin nahastu behar. Azken horrek astean 30 ordu arte lan egiteko aukera ematen du orain, aurretik zeuden 20 orduko gehienekoaren aldean, eta ikasketa-bisa lan-baimen batera aldatzeko 3 urteko epea kendu da. Gutxienez 2 urteko egonaldia duten pertsonei prestakuntzagatiko errotzea eskatzeko aukera berria ematen zaie, titulu ofizial bat lortzera dakarten ikasketak egitea erabakitzen badute, egingo den prestakuntzaren matrikula aurkeztuz. Hor du garrantzia Lanbide Heziketak, Erdi Mailako eta Goi Mailako heziketa-zikloen eta Profesionaltasun Ziurtagiriak lortzeko ikastaroen eskaintzarekin. Martinezek azpimarratu zuenez, baimendutako prestakuntzetako bat amaitu ondoren (presentzialak izan behar dira), eskatzaileak lana bilatu eta lan-baimena lor dezake.
Era berean, Biltzeneko teknikariak legearen aldaketa berrietan gainerako errotze moten aldaketak azpimarratu zituen: soziala, lanekoa eta familiakoa. Errotzeari buruzko eta bereziki prestakuntzagatiko errotzeari buruzko xehetasun gehiago jasotzeko interesa duen edonork, bihar San Jorge LHIIra joateko aukera izango du, Ikaslan Bizkaiaren eskutik ospatzen ari diren jardunaldien bigarren egunera. LHko ikastetxe publikoen elkartetik, migratzaileak Euskadiko produkzio-sareak gero eta gehiago eskatzen duen eta doakoa den prestakuntza honetara hurbiltzeko aukera antzeman dugu, haien errotzea eta gizarteratzea errazteko.