Bizkaiko Foru Aldundiak eta El Correok antolatutako Autoenpleguaren Foroak pertsona ekintzaileek enpresa-sisteman eta gizarte-eraldaketan duten zeregina nabarmendu zuen joan den de ostiralean, irailaren 30ean. Ikaslan Bizkaia Euskalduna Jauregian ospatu zen ekitaldi honetara hurbildu zen, lurralde historikoaren ekintzailetza-ekosisteman murgiltzera eta honek dituen erronkak ezagutzera.
Ekintzaileak protagonista izan ziren Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak, hasiera eman zitzaion jardunaldi honetan. Laespadak autoenplegua produkzio-aldaketa gidatzeko funtsezko eragile ekonomikoa dela eta Foru Aldundiaren arreta berezia jasotzen duela azpimarratu zuen. Izan ere, Enplegu eta Ekintzailetzako Foru Agentziak, DEMAk, Enpresari ideia-lehiaketa antolatzen du urtero, LHko Erdi-mailako eta Goi-mailako ikasleen artean ekintzailetza-kultura sustatzeko asmoz, eta 2022-2023 deialdirako izen-ematea irekita dagoela gogorarazi zuen diputatuak.
Jarraian, ekitaldira gerturatu ziren pertsonek autoenpleguari buruzko azken datuak ezagutu zituzten María Saizen, UPV/EHUko Ekintzailetzaren Euskal Behatokiko (EEB-OVE) presidentearen, eskutik. Biztanleriaren % 5 ekintzailea da Euskadin, eta ez da jaitsi autoenplegurako bultzada, baina sortutako enpresen kopurua murriztu egin da, eta joera nagusiena premiagatik ekitea da, aukeragatik baino. Enplegua sortzeari buruzko datu positibo bat eragin-ekintzailetza handitzea da, 20 langile baino gehiago izatea bilatzen baitu: sortutako enpresen % 25ek datozen 5 urteetan enplegua sortuko dutela espero da.
Emakumeek dute Euskadiko ekintzailetzaren lidergoa
Azken urteko ekintzailearen profila lortzen saiatuz gero, batez beste 44 urteko emakumea izango litzateke, hezkuntza-maila altua duena eta gizonak baino baliabide gutxiagorekin hasten dena. Egunean zehar aurkeztu diren azken datuen ondorioa da, zeinen arabera emakumeek enpresen lidergoan duten pisuak eta ekintzaile gisa duten presentziak murriztu egiten du Estatuan eremu horretan dagoen genero-arrakala, baina tradizioz maskulinizatuta dauden sektoreetarako jauzia falta da oraindik, hala nola industriarako.
Ekitaldiari amaiera emateko, bi mahai-inguru egin ziren Bizkaiko enpresa-sareko agenteekin, zeinetan autoenplegurako erronka nagusiak aztertu ziren. Gizarte-baloraziorik eza, oztopo burokratikoak eta ekintzailetzarako laguntzak lortzeko konplexutasuna aipatu ziren norberaren konturako lanerako arazo nagusitzat, eta hezkuntza-esparruan, ikasgeletan kultura ekintzailerik ez zegoela adierazi zuten parte hartu zuten eragileek. LHko ikastetxe publikoen sareak kontuan hartuko duen ohar bat ikasleen espiritu ekintzailea are gehiago indartzeko, ekosistema honek, erronka asko izan arren, arrakastarako eta hazkunde ekonomikorako aukera gehiago eskaintzen baitizkio gure inguruneari.