Ikaslan Mobility-k, Erasmus+ programaren irudikapen onenen aitorpen gisa, Aingeru Davila eta Nahikari Urbizu ikasleak argazki batekin parte hartzeagatik eta Noemí Rico bideo kategorian hautatu ditu irabazle.
#ErasmusFPEuskadi2022 lehiaketa Euskadiko LHko ikastetxe publikoen sarearen ekimena da, eta Erasmus+ programaren barruan atzerrian praktikak egiten ari diren ikasleek emandako ikus-entzunezko materiala saritzea du helburu. Programa hau eta ikasle bekadunek bizitako esperientzia ondoen irudikatzen duten bideoa eta argazkia tablet batekin sarituko dira.
Aurtengo edizioa ekainaren 6an amaitu zen, eta lehiaketaren irabazleak ezagutzera eman berri dira. Aingeru Davilak, Arkaute Nekazaritza Insitutua BHIn Lorezaintza eta Loradenda zikloko ikasleak, eta Nahikari Urbizuk, Eskurtze BHIn Mendekotasun Egoeran Dauden Pertsonentzako Arreta ziklokoak, Italiako Cosenza hirian lortutako argazki batengatik irabazi dute sari bat, atzerriko egonaldietan Erasmus komunitatearekin sortzen den laguntasuna adierazten duena. Bideo kategorian Noemí Rico izan da irabazle, Saturnino de la Peña BHIn Animazio Soziokultural eta Turistikoko ikaslea, bere Erasmus Italian ere egin duena, Siziliako Palermo hiriko egonaldian izandako esperientzia onak laburbiltzen dituen proposamenagatik.
Erasmus+ programa ikasleak nazioartekotzeko tresna nagusietako bat da Lanbide Heziketarentzat, eta Europako herrialdeetan izandako esperientzia onak, lehiaketa honetan zehar partekatu direnak, harro egoteko modukoak dira Ikaslan Bizkaiarentzat. Zorionak eman nahi dizkiegu lehiaketa honetan parte hartu duten guztiei, eta 2022-2023 ikasturteko ikasleak Erasmus+ bezalako nazioartekotze-programetan izena ematera animatu nahi ditugu. Tituludun ikasleek, gainera, atzerrian ordaindutako praktikak egiteko Global Training beken programan parte har dezakete, apuntatzeko epea uztailaren 18an bukatu baino lehen izena ematen badute.