Ikaslan Bizkaiak PRALINE – Promoting Adult Learning in Networks proiektuaren laugarren bileran (PLA4) parte hartu du Irlandan, Dublineko Liberties College of Further Education ikastetxean. Ekitaldia maiatzaren 10ean eta 11n ospatu zen eta atzerriko ikasleengan lengoaien ikasketa bultzatzeko jardunbide egokien trukean oinarritu zen.
PRALINE proiektuaren azken bilera ETBI erakundeak (Irlandako Education and Training Boards) antolatu zuen, eta parte-hartzaileek Irlandako Further Education and Training (FET) ezagutu zezaketen. Hizlariek arreta berezia jarri zioten herrialde anglofonoak ikasle migratzaileen lengoaiaren ikasketaren inguruan duen egoerari, Ukraniako krisiak errefuxiatu ugari Irlandara joatea eragin baitu. Ikasleria honen beharrei erantzuteko eta laguntza emateko, Irlandaren tresna nagusiak ESOL (English for Speakers of Other Languages) programak dira, ikasle atzerritarren idatzizko zein ahozko gaitasunak garatzea helburu dutenak, eskolan eta gizarteean arrakasta izan dezaten.
Michael Donohoe, CMETBko (Cavan eta Monaghan Hezkuntza eta Prestakuntza Kontseilua) ikertzaile nagusiak, eta Lorraine Downey, Dublineko Hezkuntza eta Trebakuntza Kontseiluko ESOLeko garapeneko arduradunak, ESOLen arloan egiten ari den ebaluazioa eta FETeko kultura anitzetako ikasleen esperientziak aurkeztu zituzten. ETBIko David Hughesek, berriz, zentruko liburutegi digitala eta ESOLi lotutako baliabideak erakutsi zizkien parte-hartzaileei. Lorraine Dohertyk, Goi-mailako eta Etengabeko Prestakuntzako Departamentuko Solas Learning Works agentziaren ordezkariak, gizartean integrazioa sustatzeko ESOL bidez ingelesa doan ikasi ahal izatearen garrantzia azpimarratu zuen, batez ere errefuxiatuen kasuan.
Azkenik, Europako proiektuko kideek PRALINEren hurrengo PLA bileraren dataren berri eman zuten, Estonian izango dena 2022ko urrian, eta Lanbide Heziketaren Aurrerapenerako Estoniar Elkarteak antolatuko du. PRALINE 2021ean jaiotako Erasmus+ proiektu bat da, Lanbide Heziketarekin lotutako Europako hezkuntza-sareak indartzeko helburuarekin, eta 2024ko urtarrilera arte garatzea aurreikusita dago.