Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren lankidetzarekin, STEAM Euskadi Sarien 2. edizioa antolatu du aurten, zeinetan Bizkaiko LHko ikastetxe publikoen sareak aitorpen hau jaso duen STEAM bokazioetan emakume gehiago izatearen alde egindako lanagatik.
Hezkuntza inklusiboa, bidezkoa eta kalitatezkoa bermatzeko Garapen Jasangarrirako Helburuen erreferentzia-esparruaren barruan, Ikaslan Bizkaiak STEAM LH proiektua hasi zuen 2021ean Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Ekimen honen helburua DBHko ikaslegoa emakumeen presentzia gizonezkoena baino askoz txikiagoa duten arlo hauetara hurbiltzea izan zen (industria-zikloetan % 9,4 baino ez dira emakumeak). Ikasgeletan burututako 7 lan-saioen eta LHko ikastetxeetara zein euskal produkzio-sareko enpresetara egindako bisiten bidez, ikasleek STEAM bokazioak ezagutu zitezkeen, eta lanbide hauetan aritzeko generoak ez duela inporta ikusi zuten.
Hauxe Ikaslan Bizkaiak STEAM Euskadi Zigilua lortzeko egin duen ekintzetako bat bakarrik izan da. Iaz, sare bizkaitarrak Talentu Femeninoaren Aldeko STEAM Aliantzarekin egin zuen bat, Espainiako Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak otsailean abiarazi zuena, eta aktiboki parte hartzen du Urteko Lan Planaren definizioan. Oraintsuago, MUJER LH proiektuak adin eta testuinguru desberdinetako ikasleen testigantzak bildu zituen STEAM esparruetako zikloetako ikaskuntza-prozesua desmitifikatzen duten bideo batzuetan, eta horietan emakumeen presentzia sustatzearen beharraz kontzientziatzeko ekitaldi bat antolatu zen.
Gure helburua, generorik gabeko Lanbide Heziketa
STEAM Euskadiko taldeak, Berritzeguneetako, Tknikako, Deustuko Unibertsitateko, EHUko eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako ordezkariek osatzen dutena Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren antolakuntzarekin, azken urte hauetan egin dugun lanaren aitorpen gisa eman digu STEAM Zigilu hau. Zigiluak balioa ematen die gure proiektu hauei guztiei, eta genero-arrakala ezabatzeko bidea ibiliko duen Lanbide Heziketa inklusiboarekin dugun konpromisoaren garrantzia azpimarratzen du.
Ikaslan Bizkaiak martxan jarri duen azken proiektua “10 saio, 10 hilabete” izan da, sareko ikastetxeen arteko jardunbide egokien trukean oinarritutakoa eta apirilean hasi zena, Mugarik Gabe elkartearen lankidetzarekin. Ekimen hau Berdintasun-plan eraginkorrak garatzean eta inplementatzean datza, baita neurri hauek sartzen ari diren ikastetxeen errealitatea ezagutzera ematean ere. Proiektu hauei bidez, LHn genero-diskriminazioaren aurka borrokatu eta honetan emakume gehiago egotea sustatu nahi dugu, eta STEAM Euskadi Zigilua pizgarri handia da helburu hau lortzeko lan egiten jarraitzeko.