Europako Working In Soft Skills for Employment proiektua Bizkaian bilduko da apirilaren 4tik 7ra, euskal Lanbide Heziketa publikoaren hezkuntza ereduen balioa nabarmentzeko asmoz. Jardunaldi honen ardatzak Ethazi metodologia edo erronka bidezko ikaskuntza partekatua, eta eredu hau LHko zikloetan integratzeko modua izango dira.
WISE proiektuak, bere Lanbide Heziketako antolakundeen artean jardunbide egokiak partekatzeko ekintza-esparruaren barruan, Euskadin bilduko ditu aurrez aurre bere 9 erakunde parte-hartzaileen ordezkariak, Portugal, Italia, Finlandia, Noruega, Estonia eta Danimarkatik datozenak. Lau egunetan zehar garatuko den topaketa honetan, euskal LH publikoan ikaslegoa lan-jarduera errealei era zuzenago batean lotzeko behar diren zeharkako gaitasunen hobekuntzarako erabiltzen diren metodologiak eta tresnak partekatzea izango da helburu.
Azken urteotan, Bizkaiko LHko ikastetxe publikoek Ethazi metodologia integratu dute beren ikasketa-planetan azken urteotan, ziklo bakoitzari lotutako gaitasunak garatzeko irakaslegoak ikasleei planteatzen dizkien erronketan oinarritutako ikaskuntza-eredua. WISE proiektuaren aurrez aurreko jardunaldian zehar eredu hau erabiltzen duten Ikaslan Bizkaiaren sareko ikastetxeei bisita egingo zaie: hasteko, San Jorge LHIIn burutuko dira lehenengo eguneko ekintza guztiak, eta Tartanga LHIIn, Nicolás Larburu LHIIn eta Emilio Campuzano LHIIn jarraituko du topaketak.
Azkenik, parte-hartzaileek Ikaslan Bizkaiko ikastetxeekin estuki lan egiten duten enpresak bisitatuko dituzte azken egunean, hala nola Lantegi Batuak Abadianon (Construcción Bizkaia LHII) eta SestaoBarrin (Tartanga LHII), Oja-rem Boroan (Barrutialde BHI), Gaursa Bilbon (Emilio Campuzano LHII) edo Izar Boroan (Zornotza LHII). Horrez gain, topaketak produkzio-sareari lotutako erakundeen ordezkaritza izango du: Confebaskena, euskal patronalarena, edo Bizkaiko Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentzia den DEMArena, ekintzailetza sustatzeko ENPRESARI programa aurkeztuko duena.
WISE proiektua aurrez aurre elkartzen den bigarren aldia izango da hau, joan den urrian Turinen ospatu zen bileraren ondoren. Bilera horretan, taldea Bizkaiko LHko ikastetxe publikoetan aplikatutako metodologiei buruzko ikaskuntza-saio honetarako prestatu zen. Finlandiako hezkuntza eredu ezagunarekin batera, euskal LH publikoa berrikuntzaren eta eraginkortasunaren erreferentzia da Europako proiektuarentzat, eta WISEko gainerako erakundeekin jardunbide egokien hartu-emana 2022ko irailera arte jarraitzea aurreikusita dago.