Ikaslan Bizkaiak PRALINE – Promoting Adult Learning in Networks proiektuak atzo, martxoak 14, hasi zuen bilera presentzialean parte hartu du Lisboako ECLn (Escola Comércio Lisboa). Ekitaldia gaur bukatu da Portugaleko lan- eta enplegu-munduei lotuta dauden hainbat erakundetako ordezkarien hitzaldiak izan ondoren.
Proiektu europarraren bilera honek, ANESPOk – Associação Nacional de Escolas Profissionais-ek antolatua Erasmus+ programaren laguntzarekin, PRALINE proiektuaren aurrez aurreko lana berreskuratu du, egoera soziosanitarioa zela eta bilera guztiak on-line bidez egin ondoren. Helduak gaitzeko ekimenen jardunbide egokiak bi egun iraun dituen topaketa honen ardatz izan dira.
Ekintza-esparru honen barruan, atzo bilera honen anfitrioi den ECLko Catarina Esmériok Lanbide Heziketaren eta lan-merkatuaren artean dagoen harremanari buruz hitz egin zuen, eta ANQUEPeko (Portugaleko Kualifikazioetako eta Lanbide Heziketako Agentzia Nazionaleko) Alexandra Teixeira helduak gaitzeko zailtasunetaz eta gaur egun burutzen ari diren politiketaz mintzatu zen. Horrez gain, LIDLeko Giza Baliabideetako Eskualdeko Zuzendari den Andreia Lopesek, helduetan hezkuntza hobetzeko ECLko Qualifica zentroko Rita Alves eta Joana Santiagorekin batera, lanean ari diren pertsonen gaitasunak balioesteari buruzko kasu praktiko bat aurkeztu zuten.
Gaur, jardunaldiak gaitasun profesionalen aitorpena azpimarratzen jarraitu du, lanaren bidez zein arautu gabeko heziketaren bidez lortutako gaitasunak aitortzen duten ziurtagiri ofizialak lortzeko modua, Espainian Profesionaltasun Ziurtagiriak lortzera ere ekarri dezakenak. IPTrans eskolako (Escola Profissional de Loureseko) zuzendari den José Bourbonek eta bertako Qualifica zentroko ordezkari den Helena Nunesek sistema honen funtzionamendua eta eta honek dakartzan onurak azaldu dituzte. Ekimenen jardunbide egokiei buruzko aurkezpena Hugo Martinsena izan da, ETAP Lanbide Heziketako eskolako Qualifica zentrokoa, zeinek pertsona helduak gaitzeko orduan zentro hauek duten garrantzia azpimarratu du.
PRALINE proiektuaren hurrengo bilera maiatzaren 10ean eta 11n Dublinen egitea aurreikusi da. Ekimen europar hau 2021eko hasieran jaio zen, Lanbide Heziketari lotutako heziketa-sareen berrikuntza eta nazioartekotzea Europako herrialdeen arteko lanaren bidez sustatzeko asmoz, eta 2024ko urtarrilera arte garatuko da.