Ikaslan Bizkaiak, euskal ikaslegoaren artean LH prestakuntza-aukera gisa sustatzeko bere ekintza-esparruaren barruan, orientatzaileentzako informazio-jardunaldi bat egingo du datorren apirilaren 8an. LHk lan-merkatuaren erronka berrien aurrean duen rola eta kirol-irakaskuntzen sustapena izango dira topaketaren ardatzak.
LHTopa! jardunaldia BECeko Batzar Zentroaren 5. solairuan ospatuko da apirilaren 8an, ostiralean, goizeko 09:00etatik 11:30etara, eta euskal LHko zenbait pertsonaia adierazgarri izango ditu hizlari, hala nola Jorge Arévalo, Lanbide Heziketako Sailburuordea.
2021-2022 ikasturtea bukatzear dago, eta DBHko eta Batxilergoko ikasketak bukatzen ari diren ikasleek edo beren formakuntza jarraitu nahi dutenek hainbat prestakuntza-aukera dute buruan. Ikastetxeak beren ate irekien jardunaldien berri ematen hasi dira ere, ikasle izan daitezkeenak erakartzeko eta izan ditzaketen zalantzak argitzeko, eta testuinguru honetan orientabide-lanak ezinbestekoak bihurtzen dira. Horregatik, Ikaslan Bizkaiatik Lanbide Heziketa hurbildu nahi diegu lurraldeko ikastetxeen orientatzaileei, eta profesional horiek LHTopa! topaketara gonbidatu nahi ditugu Bizkaiko Lanbide Heziketa publikoak eskaintzen dituen aukerak eta lan-merkatuaren erronkei erantzuna emateko egin dituen ahaleginak erakusteko.
LHko ordezkarietaz gain, Asier Puenteren hitzaldia ere izango dugu, Kirolene KPIIko ikasketaburua, Erregimen Bereziko Kirol Irakaskuntzak ematen dituen Euskadiko ikastetxe publiko bakarra dena. Duela gutxi sortutako zentroa da, 15 urte baino gutxiago baititu, eta bere sorreraren aurretik hezkuntza-sistematik kanpo gelditzen ziren ikasketei balio akademikoa eta profesionala ematen die, gaur egun ikasleentzako prestakuntza-aukeren parte direnak. Aurkezpen honen bidez, orientatzaileek ikaslegoari eskaini diezaioketen aukera-sorta zabaldu nahi da, baita Erregimen Bereziko ikasketa-mota honi buruzko zalantzak argitu ere.
Jardunaldira joan ahal izateko, beharrezkoa da formulario honen bidez izena ematea. Ikaslan Bizkaia gure lurraldeko ikastetxeetako orientatzaileen zain dago, eta pozik gaude euskal Lanbide Heziketa publikoa ikasleen prestakuntza-aukera gisa aurkeztu eta bultzatu ahal izateaz.