Hiru ministrok eta Gobernuko presidenteak Talentu Femeninoaren aldeko STEAM Aliantzaren lehen urteko lana balioetsi zuten joan den ostiraleko topaketan, zeinetan 100 erakunde laguntzaile baino gehiagok parte hartu zuten, horien artean Ikaslan Bizkaiak.
Joan den ostiralean, otsailak 11, STEAM Aliantzak bere lehen topaketa ospatu zuen Emakume eta Neska Zientzialarien Naizoarteko Egunean “Neskak zientzia aurrean” lelopean, sortu zenetik urtebetera. Ikaslan Bizkaia, neska gazteen artean STEAM arloetako (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) bokazioak sustatzeko ekintza-esparruaren barruan, pasa den urteko apirilean atxiki zitzaion ekimen honen ekitaldira joan zen.
Hasteko, Pilar Alegría Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak hartu zuen hitza, eta dagoeneko 100 erakunde baino gehiagok 9 urtetik aurrera gertatzen hasten den genero-arrakalaren aurka egiteko laguntzen dutela adierazi zuen. Ondoren, Pampa García kazetari zientifikoak eta STEAMen beste bost enbaxadorek Aliantzak egin duen lehen txostenaren datu garrantzitsuenak aurkeztu zituzten. Horien artean zeuden Patricia Heredia irakaslea eta Valeria Corrales ikaslea, YouTube ValPat kanalekoa, Andrea Moreno Eraikuntzako eta Obra Zibileko 2020ko Lanbide Heziketako Sari Bereziaren irabazlea, Rocío Silleras artista eta Adimen Artifizialean aditua eta Clara Grima matematikari eta dibulgatzailea.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako lege berria
Pedro Sánchez Gobernuko presidenteak amaitu zuen ekitaldia, Espainiak zientziaren alde egindako apustua azpimarratuz, eta aste honetako Ministroen Kontseiluan Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren lege berri bat onartuko dela iragarri zuen, zeinengatik Diana Morant Zientzia eta Berrikuntzako ministroaren lana aitortu zuen. Era berean, STEAM eremuei lotutako lanpostuetan prekarietatea murriztearen beharra nabarmendu zuen, talentua erakartzeko eta “gure zientzialariak zaintzeko”.
Ikaslan Bizkaia STEAM eremuetan genero-arrakala murrizteko egin duen apustuan, STEAM LH edo MUJER LH bezalako proiektuak bultzatu ditugu, eta STEAM Aliantzaren urteko Lan Planaren sorreran aktiboki parte hartu dugu. Bestalde, Aliantzak enpresetan eta ikastetxeetan STEAM disziplinen sustapena bilatzen jarraituko du kalitate-zigilu baten sorrerarekin eta beste neurri batzuekin, eta egin den lehen txostena bere webgunetik deskargatu ahal izango da.