Hiru ministrok eta Gobernuko presidenteak agerian utziko dute STEAM eremuetan emakumeen bokazioak sustatzearen aldeko apustua Talentu Femeninoaren aldeko STEAM Aliantzaren topaketan, non 90 erakunde laguntzaile inguruk parte hartuko duten, horien artean Ikaslan Bizkaia.
Datorren ostiralean, otsailak 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean, STEAM Aliantzaren lehen ekitaldia ospatuko da, sortu zenetik urtebetera. Ikaslan Bizkaiak, erakunde laguntzaile bezala, STEAM bokazioak (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) neska gazteen artean sustatzea helburu duen topaketa honetan parte hartuko du.
“Neskak zientzia aurrean” lelopean, Gobernuko presidenteak zuzenduko du ekitaldia, eta bertan izango dira ere Pilar Alegría Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroa, Diana Morant Zientzia eta Berrikuntza ministroa eta Irene Montero Berdintasun ministroa. Ikaslan Bizkaiko koordinatzaile den Alba Estanyol Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenaren (CSIC) Madrilgo egoitzara joango da Aliantzaren azken ekimenak aurkeztuko diren topaketan parte hartzeko.
Genero-arrakalaren aurkako ekintzak
Ikaslan Bizkaiak, bere ekintza-esparruaren barruan, zenbait proiektu abiarazi ditu, hala nola STEAM LH, Bizkaiko DBHko emakumezko ikasleengan zientzia eta teknologiari buruzko interesa pizteko, edo MUJER LH, adin eta testuinguru anitzeko ikasleen bizipenei esker STEAM arloko zikloen ikasprozesua desmitifikatzeko. Horrez gain, Aliantzak sustatu nahi dituen ekimenetako batzuk STEAM diziplinak sustatzen dituzten enpresentzako eta horietan zentratutako Lanbide Orientazioko Programa berria txertatzen duten ikastetxeentzako kalitate-zigilu bat sortzea, edo Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleentzako tailer praktikoak bultzatzea daude.
STEAM eremuei lotutako unibertsitateko zein Lanbide Heziketako graduetan emakume gutxiago daudela ikusita, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak STEAM Aliantza abiarazi zuen 2021eko otsailaren 11n, ia 50 erakunderen babesarekin, bokazio horiek neskengan eta gazteengan bultzatzeko eta Espainian hezkuntza- eta lan-mailan dagoen genero-arrakala murrizteko helburuarekin. Ikaslan Bizkaia berehala atxiki zitzaion ekimen honi, eta gaur egun Aliantza osatzen duten eta urteko Lan Planaren garapenean parte hartzen duten ia 90 erakundeetako bat da.