Microlab, Pocket NFS eta Woho 360 proiektuak Ikasenpresa 2021-2022 lehiaketako lehenengo faseko irabazle izan dira.
Tknika Euskadiko LHko Ikerketa Aplikatuko Zentroak azaroan hasi zen Ikasenpresa 2021-2022 lehiaketako lehenengo faseko proiektu finalisten zerrenda argitaratu zuen atzo. Ikasenpresa programa hezitzaileak, Tknikak koordinatua, formakuntza zikloetan kultura ekintzailearen sustapena eta ikaslegoak enpresa-sorkuntzarako dituen gaitasunen garapena bilatzen ditu, ikasgelan enpresa txikien simulazioen medioz. 2021-2022 ikasturteko 2. mailako edozein ikaslek parte hartu dezakeen lehiaketa honen bidez, 500 €-ko 6 sari banatuko dira ekainean egingo den ekitaldi baten.
Edizio honen formatua ez da aurreko lehiaketetakoa bezalakoa, aurkeztutako proiektuen kalitatea hobetzeko eta ikaslegoaren interesa pizteko nahian hiru faseetan zatitu baita. Lehenengo etapan, Ikasenpresen negozio-ideiak ebaluatu dira. Bigarrenean, proiektuen abiaraztea kontuan hartuko da, eta hirugarren eta azken fasean ikaslegoak bere produktuak edo zerbitzuak eskainiko ditu hurrengo Ikasenpresa azokan.
“Microlab” mikroorganismoen hazkuntzako negozioa eta “Pocket NFS” kriptodiruan oinarritutako karta-jokoa, Elorrieta Errekamari LHII eta San José Maristak LHIP ikastetxeetakoak hurrenez hurren, Produktuak kategorian lortu dituzte sariak. Zerbitzuen atalean, irabazi duen enpresa CEINPRO LHIPko “Woho 360” izan da, premia bereziak dituzten pertsonei zuzendutako errealitate birtualeko esperientzien negozioa.