Itelazpik Ander Urigoitiari eman dio 2021eko #TelekoSaria Mantentze-lan Elektronikoak zikloan amaierako lan gisa aurkeztu duen ikasgeletako airearen kalitatea monitorizatzeko proiektuagatik.
Itelazpiko zuzendari nagusi Matxalen Lauzirikak eman dio gaur goizean 2021eko LHko #TelekoSaria Zamudioko Parke Teknologikoan. Sari hori Euskadiko Lanbide Heziketa publikoko ikastetxeetako ikasleek proiektu teknologiko berritzaileak egitea sustatzeko helburuarekin sortu zen.
Sariaren hirugarren edizioan, Ander Urigoitiaren CO2 TTN Measuring proiektua izan da garaile. CIFP Iurretako titulatuak ikasgeletako CO2 kontzentratua monitorizatzeko sistema bat proposatu du, ikasgelen aireztapena COVID-19aren transmisioa prebenitzeko egokia den ala ez neurtzeko baliagarria dena. Ikasgelan instalatutako sentsore-sistema bati eta LoRa teknologiari esker, Anderren proiektuak aukera ematen du energia-kontsumo oso txikia duten sentsoreen bidez bildutako datuak urrutitik monitorizatzeko.
#TelekoSaria Itelazpik eta Ikaslanek 2019an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan antolatzen da. Hitzarmen horren bidez gauzatzen dira, batetik, Itelazpik euskal hezkuntza-sistemaren garapenean laguntzeko duen asmoa; eta bestetik, Bizkaiko ikastetxe publikoen sareak gure ikasleen prestakuntza akademikoari balio erantsia emango dioten formula eta aliantzak gauzatzeko duen nahia.