Uribekosta BHIko 150 ikaslek San Jorge LHII eta Derio Nekazaritza Eskola BHI ikastetxeetara egindako bisitekin amaiera eman zaio STEAM Lanbide Heziketa proiektuari. Proiektu horren helburua da, hain zuzen, gazteenei STEAM arloko zikloen nondik norakoak erakustea.
Ikasleak nekazaritzan murgildu dira Derio Nekazaritza Eskola BHIren eskutik
Goizean goiz, Uribe Kostako berrogei ikasle iritsi dira Derio Nekazaritza Eskolara, lanari ekin eta kontsumitzen ditugun barazki eta fruten atzean dagoen lana lehen pertsonan bizi eta basogintza zertan datzan ezagutzeko. Ordu eta erdi igaro dute arlo profesional horren erakusgarri diren jarduerak egiten: letxugak eta astigarrak landatzen, lekak eta patatak jasotzen eta kuiatxoaren landarea fruitu gehien ematen duen landarea dela eta aitzur-sardea patatak biltzeko erabiltzen dela ikasten, besteak beste.
Bisitan zehar ikasleekin egon diren ikastetxeko irakasle gehienak emakumeak izan dira. Alabaina, ikastetxeko zuzendari Verónica Arrietak berak aditzera eman duen bezalaxe, gehiengo horrek ez du erakusten Eskolako zikloak hautatzen dituzten ikasleen profil nagusia, batez ere gizonak baitira. Amagoiak, Ainhoak, Julenek, Ikerrek eta Verónicak esfortzu handia egin dute ikasleei aurkikuntzara, ikaskuntzara eta dibertsiora bideratutako esperientzia bat eskaintzeko. Nekazaritzako kontzeptu batzuk eta oinarrizko prozesuak azaltzeaz gain, protagonista bihurtu dituzte, sektoreko protagonista, hain zuzen. Horrela, gaur egindako esfortzuari esker, patataz, kuiatxoz eta lekaz betetako zaku bat eta astigar baten kimuak eta letxuga bat eraman dituzte etxera. Ziur orain badakitela nola zaindu behar diren.
Berrikuntza eta sormena izan dira nagusi San Jorge LHIIrako bisitan
Bestalde, San Jorge LHIIk 110 gazte hartu ditu, eta beren bisitarako espresuki diseinatutako hainbat tailerretan parte hartzeko aukera eman die:
- DJ tailerra.Luces san jorge
- Karakterizazioa.
- Automatismoak.
- PCRak.
- Energia berriztagarriak.
- EUSKELEC lehiaketara San Jorge LHIIk aurkeztutako ibilgailu elektrikoa.
Esperimentaziorako sei espazio antolatu dituzte, eta Uribe Kostako ikasleek honako hauek guztiak egin dituzte bertan: soilgune bat nola simulatzen den ezagutu, ikastetxeak Euskadiko LHko ikastetxeen arteko ibilgailu elektrikoen urteko lehiaketara (Euskelec) aurkeztu duen ibilgailua ikusi, DJ Juanek (ikastetxeko irakaslea da) prestatutako argi- eta musika-jokoarekin disfrutatu eta panel fotovoltaikoek eguzkiari segitu eta energia errota batera transferitzen dutela ikasi, baita automatismo pneumatikoek eta hidraulikoek nola funtzionatzen duten eta lagin bat COVID-19an positiboa den nola jakin daitekeen deskubritu ere.
DBHko lehenengo mailan dauden ia 300 ikaslek egin dituzte bisitak STEAM arloko LHko ikastetxeetara
STEAM Lanbide Heziketa proiektuan parte hartu duten ikasleentzako antolatu diren ate irekien bi jardunaldi horietan 12 eta 13 urteko 288 neska-mutilek hartu dute parte, eta, horri esker, aukera izan dute STEAM arloko ziklo batzuen nondik norakoak ezagutzeko.
Ekainaren 10ean, 138 gaztetxo joan ziren Repélega LHIIra. Bertan, hotz-ganberak, elektromedikuntza, robotika, airearen tratamendua eta logistika izan ziren protagonista.
Gaur, nekazaritza-sektoreak, automatismoek, energia berriztagarriak, kimikak, elektronikak eta elektrizitateak, karakterizazioak eta berrikuntzak eman diote amaiera STEAM Lanbide Heziketa proiektuaren bigarren faseari.
STEAM Lanbide Heziketak harrobi zientifiko-teknologikoa sustatzea eta zaintzen eta gizarte-zerbitzuen balioa azpimarratzea du helburu
Steam logo v1IkIkaslan Bizkaiak, Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzarekin, bat egin nahi izan du STEAM arloa gizarteratzeko esfortzuarekin, baita haratago joan ere: gazteei gizarte-zerbitzuen eta zaintzen balioaren garrantzia azpimarratzea.
Erabilitako metodologiak esperimentazioa eta jolasa izan ditu oinarri, bai hiru hilabetez proiektuari dedikatutako eskola-orduetan, bai LHko ikastetxeetara egindako bisitetan. Laster, gainera, ikasleek aukera izango dute ikusteko nolakoa den benetako garapen profesionala, bisitak egingo baitituzte sektoreko enpresetara.
Ikaslan Bizkaiak eskerrak ematen dizkie Repélega LHIIri, Derio Nekazaritza Eskola BHIri eta San Jorge LHIIri gure lurraldeko STEAM etorkizunari ateak irekitzeko erakutsitako prestutasun eta jarrera onagatik.