CreO proiektuarekin hasi ginenean, helburua zen berrikuntza irekia sustatzea industria sortzaileen arloko Lanbide Heziketa zikloetan eta industria- eta teknologia-sektoreko enpresetan.
CreoIkaslanek kudeatu eta koordinatu du CreO proiektuko partzuergoa. Gure egitasmoa gauzatu ahal izateko, herrialde parte-hartzaileetako ikasleak, irakasleak eta enpresaburuak edo enpresetako langileen arloko arduradunak aritu dira gurekin elkarlanean. Edonola ere, aipamen berezia merezi du CreOren nazioarteko pilotuaren abiatzeak. Bilbon egin zen, 2019ko azaroan, eta harrera bikaina izan zuen.
2021eko urtarrilaren 31n bukatu zen proiektua, eta 2020an mundu osoan bizi izan den ezohiko egoera gorabehera, CreO proiektuak erantzun positiboa eta harrera ona jaso ditu ezarri den 4 herrialdeetan: Eslovenia, Portugal, Austria eta Espainia. Nazioartean, berregituratu egin behar izan da proiektuaren zati bat, baita uneko egoerarekin bat etorriko ziren interakzio-bide berriak bilatu ere, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun-alarmaren ondorioz ezarritako murriztapenengatik.
Ikasleen esperientzia
Oso positiboki erantzun diete ikastaroari eta prestatutako moduluei. Eduki gehienak nahiko berritzaileak izan dira ikasle eta enpresentzat. Hala ere, edukiek oinarri pedagogiko ona dutenez, parte-hartzaileak azkar-azkar jarri dira lanean, eta moduluetako edukia arin, erraz eta autonomoki ulertu dute. Bereziki, argi ikusi dute eduki horiek potentzial handia dutela beren prestakuntzarako eta beste sektore batzuetan ere aplikatzeko, kasu honetan, industria-sektorean.
CreO ikuspegia enpresetan
CreO proiektuaren baitan enpresetan egindako probak ere positiboak izan dira: enpresaburu eta langileen arloko arduradun gehienek abantaila gisa ikusten dute plataforman eskuragarri dauden moduluak beren enpresetan txertatzea, eta uste dute potentzial handia dutela.
Epe ertainera, enpresetako ordezkariak optimistak dira, eta espero dute mota horretako profilak dituzten langileak kontratatzea beren enpresetan. Ezin jakin horrek pandemiak enpresetan eragin dituen arazoak konponduko dituen.
Hala eta guztiz ere, CreO proiektuak enpresen eta ikasleen esfortzuak uztartzea lortu du, herrialde ezberdinetan eta murriztapenen pean egonik ere. Gauzak horrela, denon artean demostratu dugu lankidetza errealitate bat dela jada. Proiektua errealitatean ezartzea, hau da, sormenarekin zerikusia duten arloetako ikasleek beren ibilbidea industria tradizionalean egitea, denbora kontua da; izan ere, agerian geratu da potentziala dutela eta ekarpen zuzenak egiten dituztela industria-testuinguruetan.
Hemen deskargatu ditzakezu CreO proiektuaren baitan sortutako eta garatutako material guztiak. Plataforma intuitibo bat sortu dugu, irakasleek eta enpresek erraz erabiltzeko modukoa. Modu horretan, CreO proiektuaren parte egin nahi zaituztegu, eta egitasmoari egin diozuen harrera ona eskertu.