Berrikuntza LHren parte da. Ukiezina da, eta hasiera batean enpresa- eta teknologia-inguruneari bakarrik zegokiola uste bazen ere, badira zenbait urte garrantzia hartu duena gauzak beste modu batera egitea ere beharrizan bilakatu den prestakuntza-ingurune horretan. Horregatik guztiagatik, CIFP Txurdinaga LHIIk hainbat berrikuntza-errutina sistematizatu ditu, oso emaitza ukigarriak dituztenak: ikasleen ikaskuntza-prozesua hobetzen dute.
Agerikoa da EAEko Lanbide Heziketa paradigma berrietaranzko bilakaeran sartuta dagoela. Zuzenean ikusten dute ikasleek, irakasleek, enpresek eta garapen ekonomiko eta sozialari lotutako enpresa eta erakundeek Euskadiko teknikarien prestakuntzak bere egin dituela printzipioz ekoizpen-sektoreari egozten zitzaizkion jarduera batzuk. Ildo horretan, berritzea, proiektuak kudeatzea edo erronkak gainditzea ezarrita daude, dagoeneko, enpresen beharrizan errealei erantzuteko gai izango diren profesionalak prestatzeko ikastetxeetan. Ondo baino hobeto daki hori CIFP Txurdinaga LHIIk. Horrexegatik, 4 urte daramatza berrikuntza-sistema propio bat sustatzen, eta horren bitartez, balio ukigarriko emaitzak eskuratu ditu hainbat arlotan: irakaskuntzan, zibersegurtasunean, Big Datan, mapa-sorkuntzan, zur-zerrategian eta berrikuntzan.
CIFP Txurdinaga LHIIk zuzendu duen proiektuetako bat iTresna izan da. Zehazki, berrikuntza-errutinak kudeatzeko aplikazio bat da, neurrira egindakoa. Hari esker, LHko ikastetxeek eta gainerako erakundeek aukera izango dute ideia berritzaileak identifikatzen eta kudeatzen lagunduko dien sistema erraz eta intuitibo bat doan instalatzeko. Zehatz-mehatz, programa horrek hainbat funtzionalitate ezartzeko balio du, adibidez, seinaleak partekatuko dituzten aditu-taldeak kudeatzea, seinale horiek zaintzea eta aurreproiektuak ebaluatzea eta beren bideragarritasunaren irudikapen grafikoa egitea.
Jaime Corrales ikastegiko berrikuntzaren arduradun eta Informatika eta Komunikazioak Saileko irakasleak sustatu du iTresna proiektua, eta Ibermáticaren laguntza izan du horretarako. Teknologian espezializatutako enpresa bat da, eta aplikazioa garatzeko, Txandako Lanbide Heziketa Duala egiten ari ziren Plataforma Anitzeko Aplikazioak Garatzeko heziketa-zikloko bi ikasleri esleitu zien proiektuan parte hartzeko lana. Ia 7 hilabete eman dituzte Jon Ander de Castro Da Silvak eta Jessica Rubio Vargasek ikastetxearekin lankidetzan koronabirusak bertan behera uztea eragin duen proiektu horretan; izan ere, egungo egoera sozioekonomikoaren ondorioz, gaur-gaurkoz ez dago proiektua gauzatzeko baliabide nahikorik.
Alabaina, posible izango da laugarren urtez jarraian egitea DidaktikAPP proiektua. Zehazki, Plataforma Anitzeko Aplikazioak Garatzea heziketa-zikloko eta UPV/EHUko Hezkuntza Fakultateko ikasleen arteko lankidetza-dinamika bat da, lehen hezkuntzako ikasleek beren herriaren edo auzoaren historiaren eta ondarearen balioa ezagutu dezaten.
Ekimen hori ikastetxean erronketan oinarritutako Ethazi metodologia kolaboratiboa ezartzetik eratorri da. Kasu honetan, hezkuntzaren arloko erronka bat dute: APP bat sortzea, taldeka, Lehen Hezkuntzako Graduko ikasleek Gizarte Zientziak eta beren Didaktika II irakasgairako prestatzen dituzten unitate didaktikoetako edukiak eta funtzionaltasunak jasoko dituena.
Azken hiru urteotan, 10 DidaktikAPP sortu dira, besteak beste, udalerri hauek hizpide hartuta: Oñati, Laudio, Zugaztieta, Arrigorriaga eta Bermeo. Edonola ere, tresnen garapen teknologikoa baino nabarmen interesgarriagoak dira ikasteko modu horri lotutako emaitza ukiezinak: ikasleak oso motibatuta daude, eta, horri esker, beren zikloari lotuta dauden trebezia teknikoak berenganatu eta barneratzen dituzte. Ez hori bakarrik, lan-munduan eraginkortasunez aritzeko ezinbestekoak diren zeharkako gaitasunak ere lantzen dituzte, besteak beste: taldean lan egitea, negoziazioa, komunikazioa, sormena eta iniziatiba.
Esperientzia horri esker, ikastetxeak sendotu eta handitu egiten du bere lankidetza-sarea. Batetik, UPV/EHUrekin berarekin dituen harremanak aipatu behar dira, proiektua gauzatzeko eta zabaltzeko hainbat ekimenetan elkarrekin parte hartu baitute aldian-aldian: #Prep2 biurteko topaketa, Ondarearen Irakaskuntzari buruzko Nazioarteko Kongresua (CIEP) eta Iberoamerikako Gizarte Zientzien Didaktikei buruzko VII. Nazioarteko Sinposioa (Pontificia Universidad Católica de Valparaiso, Txile). Bestetik, EAEko LHko beste ikastetxe batzuekiko harremanak ere aipatu behar dira, esperientzia honetan parte hartu duten irakasle eta ikasleek balorazio bikaina egin baitute.
Bukatu egin dira Lanbide Heziketako klase magistralak. Lan-merkatuaren exijentziak gero eta zorrotzagoak dira, eta ziurgabetasuna gero eta handiagoa da. Horregatik, ezinbestekoa da heziketa-zikloak egiten dituzten ikasleei oraindik iritsi ez diren erronkei segurtasunez aurre egiten lagunduko dieten tresnak eta baliabideak ematea. Errealitate horrek birdefinitu egin du Lanbide Heziketako ikastetxeen eta bertan ematen den irakaskuntzaren balioa, orain ikaskuntza-prozesu holistikoetan barna bideratu behar dituztelako ikasleak. Erronka horri behar bezala erantzuteko, ezinbestekoa da ikaskuntzaren aldeko ezagutzak, azpiegiturak eta prozedurak egonkortu eta sendotu egingo dituzten errutina berritzaileak ezartzea.
CIFP Txurdinaga LHIIk lau urte daramatza berrikuntza hizpide duen bide horren eta ikasleentzako onura ukigarriak dakartzaten proposamen berritzaileak ahalbidetzen dituen prozesuaren alde apustu egiten.