Egitasmo hau COVID-19ak eragindako larrialdi-egoeratik eratorri da; izan ere, momentu honetan ezin dira ikastetxeetako ate irekien jardunaldi tradizionalak antolatu. Hala ere, formula berriak bilatu ditugu egun bizi dugun gizarte-isolamendu egoeran ere Lanbide Heziketak eskaintzen dituen ziklo anitz eta ugarietakoren bat egin nahi dutenei informazioa eta orientazioa emateko dugun konpromisoa betetzen jarraitzeko.
Hartara, topaketa birtualak antolatuko ditugu. Bertan, profesionalek orientazioa eta informazioa emango dute LHren prestakuntza-eskaintzari eta irtenbide profesionalei buruz. Zalantzak ere argituko dituzte. Besteak beste, hauek dira maiatzaren 4tik 8ra egingo diren saioetan jorratuko dituzten gaiak: sartzeko baldintzak, ikas-ekinezko prestakuntza duala, metodologiak eta aukeratu daitezkeen prestakuntza-ibilbide eta ibilbide profesionalak.
Jardunaldietan parte hartu nahi dutenek, maiatzaren 1a baino lehen eman beharko dute izena datu-orri honetan. Bertan, topaketa birtualetan zein egunetan eta zein ordutan parte hartu nahi duten aukeratu ahal izango dute, baita hizkuntza ere. Gainera, plataformari eta konektatzeko moduari buruzko informazioa ere emango zaie izena eman dutenei.
Egitasmo hau Ikaslan Bizkaia Lanbide Heziketako ikastetxeen sare publikoak koordinatu du, eta LHk ematen dituen aukerak zabaltzeko asmoarekin sortu da. Hain zuzen, prestakuntza-bide hori lan-merkatuari estuki lotuta dagoelako. Urrutiago joan gabe, ikas-ekinezko Lanbide Heziketa Duala egiten duten ikasleen % 91 ikasketak bukatu eta hurrengo egunean kontratatzen dituzte.