IES Escuela Agraria de Derio – Derio Nekazaritza Escola BHIko barazki-kontserben lantegiak ikastetxeak Ekonomia Zirkularraren alde egindako apustua sendotu du, nekazaritzako elikagaien arloko prestakuntza irmotzeaz gain.
Lanbide Heziketako Sailburuordetzak sustatutako berrikuntza-proiektuaren esparruan eta Tknikaren laguntzarekin, IES Escuela Agraria de Derio – Derio Nekazaritza Eskola BHI ikastetxeko eskaintza berritzeko pizgarri bihurtu da barazki-kontserben lantegia, eta, ez hori bakarrik, baita ikastetxeko ikasleen eta harekin harremanetan dauden bestelako eragileen artean Ekonomia Zirkularraren kulturak duen garrantzia zabaltzeko aukera ere.
120 m2 ditu lantegiak, eta bertan bi produkzio-lerro paralelo daude. Batean, ontziratu eta poltsaratu egiten dira produktuak. Lerro hori barazkiez eta ozpinetakoez osatutako kontserbak, marmeladak, gozoak edo IV. gamako produktuak (gutxi prozesatzen diren frutak, baraziak eta ortuariak, funtsean, garbitu, zatitu eta ontziratu egiten direnak) egitera bideratuta dago. Bigarren lerroan, aldiz, botilaratu egiten dira zukuak eta sagarretik eratorritakoak, besteak beste, sagardoa, txakolina edo sagar-ozpina.
Instalazio horiei esker, posible izan da ikastetxearen eskaintza indartzea; izan ere, batetik, sendotu egin ditu gaur egun eskaintzen diren elikagaien eraldaketaren arloko hasierako zikloetako eta Landare kontserbak fabrikatzea 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriko ikasleen ezagutzak. Bestalde, gaikuntza berriak proposatzeko aukera ere eman du: zehazki, prestakuntza eskaintzeko eskaera egin da Elikagaien Industriak arloko eskaintza partzialean. Halaber, sektoreko ustiategi txikiei landare-jatorriko kontserbak eta IV. gamako produktuak eraldatzeko beharrezkoa den prestakuntza ez-arautua emango zaie, baita eskatzen den bestelako edozein prestakuntza ere, ortuko produktuen eraldaketari lotutako titulazio ofizialen bati lotuta ez badago.
Gainera, azpiegitura hori oso garrantzitsua da Ekonomia Zirkularraren eredua sustatzeko. Barazkiak eraldatzeak nekazaritzako elikagaien soberakinak aprobetxatu eta oso galkorrak diren produktu horien iraunkortasuna luzatzeko aukera ematen du, betiere kalitatea mantenduz eta balio erantsia emanez. Horrela, posible da elikagaiak denbora gehiagoz mantentzea balio-katearen barruan, eta murriztu egiten dira xahutzeak eta hondakinak. Horrek guztiak berekin dakar produkzioa ere optimizatu egiten dela. Horregatik guztiagatik, prestakuntza-helburuez gain, ikastetxeak Ekonomia Zirkularraren arloko proiektuak sustatuko ditu Lanbide Heziketan Aplikatutako Bioekonomiaren barruan. Plataforma hori Euskadiko Lanbide Heziketako hainbat ikastetxek eta Tknikak osatzen dute, eta ikasleen artean eredu ekonomiko horren kultura sustatzea du xede.
Alabaina, ez dugu ahaztu behar Lanbide Heziketako ikastetxeen bokazioa egunetik egunera beren inguruko produkzio-ehunaren beharrizanetatik eta errealitatetik gertuago egotea dela. Beraz, lehentasunik handiena duen xedea prestakuntza den arren, instalazio hauek sektorerako eta uneko ikasle eta ikasle ohientzako ideien laborategi ere izan daitezke Urratsbat programaren bitartez. Espazio horretan, posible izango da proiektuen bidez probak egitea, alderdi teknologikoak jorratzea, produktu eta ontzi berriak garatzea eta merkatuari berrikuntzak ekarriko dizkion beste edozein aspektu lantzea.
IES Escuela Agraria de Derio – Derio Nekazaritza Eskola BHIk o barazki-kontserben lantegia aukera bikaina da ikastetxeak kalitatezko prestakuntzarekin, iraunkortasunarekin, nekazaritzako produktuen arloko berrikuntzarekin eta haren inguruko produkzio-sektorearen beharrizanekin duen konpromisoa finkatzeko.