Euskelec-en bigarren edizioak agerian utzi du Ikaslan Bizkaia sareko ikastetxeek ikasleen zeharkako gaitasunak garatzea eta espezialitate ezberdinen artean balioa sortzea xede duten erronketan parte hartzeko duten gogo ona.
Iazko udaberrian egin zen Euskelec – Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeen ibilgailu elektrikoen txapelketaren bigarren edizioa. Deialdi horretan, LHko ikasleek ibilgailu % 100 elektriko baten prototipoa diseinatu, eraiki eta defendatu egin behar izan zuten. 2019an parte hartu duten 16 ikastetxeetatik 7 Ikaslan Bizkaia sarekoak dira: CIFP Iurreta LHII, CIFP San Jorge LHII, CIFP Fadura LHII, IES Eskurtze BHI, CIFP Emilio Campuzano LHII, CIFP Elorrieta-Erreka Mari LHII y CIFP Bidebieta LHII. Hau da, Garraioa eta Ibilgailuen Mantenimendua arloko zikloren bat ematen duten sareko zentro guztiak gehi CIFP Elorrieta-Erreka Mari LHII, zeinak automozio arloko espezialistarik izan ez arren, Elektrizitatea eta Elektronika zikloetan onartu baitu erronka.
Deialdi horrek ahalbidetu egiten du ikastetxe horietako ikasleek berrikuntza, talde-lana, motibazioa, erantzukizuna eta konpromisoa prototipo propio eta bereiziak garatzeko ezinbesteko diren proiektu batean parte hartzea. Ibilgailuek hainbat elementu dituzte komunean, zehazki, motor elektrikoa, potentzia-elektronika eta trakzio-bateriak; hala ere, agerian uzten dituzte ekipo bakoitzaren ezaugarri bereizgarriak eta aktibatutako gaitasunak. Are gehiago, gaitasun horiek automozioarekin edo elektrizitatearekin zerikusia duten zikloetan eskuratutako gaitasunak baino askoz gehiago uzten dute agerian: proiektu holistikoari sorkuntza eta balio gehigarria ematen dioten beste profil batzuk ere erakusten dizkigute. Hona hemen bi adibide: CIFP Emilio Campuzano LHII ikastetxeko taldearen ibilgailuan Arte Grafikoak zikloko ikasleek hartu zuten parte eta CIFP San Jorge LHIIkoan, ostera, Instalazioa eta Mantenimendua ziklokoek.
Taldeen ilusioa eta esfortzua ikasitakoak eta proiektua sektoreko profesionalen aurrean defendatzetik eskuratutako esperientziak konpentsatu dute. Epaimahai batek hainbat ikuspuntutatik baloratu zituen prototipoak, zehazki, ikuspegi tekniko eta sortzailetik (prototipoaren diseinua eta berrikuntza aztertzen dira, besteak beste) eta dinamikaren ikuspegitik (ibilgailuen prestazioak ebaluatzen dira, slalom-, azelerazio-, gehieneko frenatze- eta erresistentzia-proben bitartez).
Emaitzek sareko bi talde sailkapen orokorreko lehen hiru postuetan jarri zituzten: lehen postuan, CIFP San Jorge LHII eta hirugarren postuan, aldiz, CIFP Emilio Campuzano LHII. Gainera, bi ikastetxe horiek izan ziren lehen bi sailkatuak proba dinamikoetan, eta IES Eskurtze BHI izan zen hirugarrena. Azkenik, aipatzeko modukoa da CIFP Bidebieta LHIIko taldeak Euskelecen balioak hobeto transmititzen jakin izan zuen taldearen saria jaso zuela.
Argi eta garbi dago ospatu egin behar direla arestian aipatutako sari horiek guztiak. Izan ere, egindako esfortzua saritzeaz gain, agerian uzten dute ikasleek eta irakasleek egindako lana bat datorrela sektorearen itxaropenekin. Horrez gain, Ikaslan Bizkaiak zoriondu egin nahi ditu Euskelec bezain zeharkako erronka batean parte hartzearen aldeko apustua egin duten talde guztiei. Egitasmo honek, ikasgelako hormetatik haratago doazen beste hainbatek bezalaxe, ahalbidetu egiten du euskal Lanbide Heziketako ikasleek zeharkako proiektu berritzaileetan parte hartzea.