Gaur eguerdian, Isabel Celáak Alfontso Xa. Jakitunaren Ordena Zibilaren Ohorezko Plaka eman dio Ikaslani hezkuntzarekiko duen konpromisoaren aitorpen gisa.
Emate-ekitaldia Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioan izan da. Ekitaldian zehar ministro andreak esan du sari hori ematea dela “hezkuntzari egindako ekarpenak, zuenak bezain garrantzitsuak direnak, eskertzeko modurik onena”.
Agustín Campos Ikaslan Bizkaiako kargua uzten duen presidenteak jaso du ohorezko plaka, kargua hartuko duen presidente José Manuel González eta Ikaslan Gipuzkoako eta Ikaslan Arabako homologoekin batera, Josune Irazabal eta Javier Ochoa de Alaizarekin, hurrenez hurren.
Aintzatespen horrek Euskadiko LHko ikastetxe publikoen sareak azken urteotan egindako lana aitortzen du, eta pizgarri bikaina da Europan punta-puntakoa izango den Lanbide Heziketa eskaintzeko lan egiten jarraitzeko. Beste era batera esanda, produkzio-ehunaren beharrizan errealei erantzungo dien eta prestakuntza-eredu horri lotutako lan-ibilbidea hautatzen dutenen garapen profesional eta pertsonalari ekarpenak egingo dizkion LH bat erdiesteko.
Gaurko eguna jai-eguna izan da Ikaslanentzat. Ez bakarrik jaso duen aintzatespen horregatik, baita Lanbide Heziketarentzat eta haren alde lan egiten duten erakundeengandik (Hetel, La Laboral LHII eta FP Empresa elkartea) eta hezkuntza-berrikuntzan eta –hobekuntzan lan egiten dutenengandik jasotako beste aitorpen batzuengatik ere (La Federació de Moviments de Renovació Pedagògica de Catalunya).
Alfontso X.a Jakituna Ordena Zibilak hezkuntzaren, zientziaren, kulturaren, irakaskuntzaren eta ikerketaren arloetan dituzten merezimenduengatik edo arlo horietako edozeinetan, Espainian nahiz nazioartean, zerbitzu garrantzitsuak eman dituzten Espainiako nahiz atzerriko pertsona fisiko eta juridikoei eta erakundeei sariak ematea du xede.