Joan den otsailean IES Ondarroa BHIk Ikaslan Bizkaia sareko kide izateko eskaera egin zuen. 20 urtetik gorako esperientzia du profesionalen prestakuntzaren arloan, eta prestakuntza-eskaintza zabalagoa izango duen etorkizun baten alde egiten du apustu.
IES Ondarroa BHI Lanbide Heziketarekin konprometituta dagoen institutu bat da. Urteak joan urteak etorri, gero eta eskaintza zabalagoa du LHko zikloei eta Enplegurako Prestakuntza programako ikastaroei dagokienez. Ikastetxearen iritziz, prestakuntza hori are gehiago zabaldu behar da eskualde horretan gizarte- eta osasun-arretaren arloko prestakuntzaren eskariari erantzun ahal izateko.
1998-1999 ikasturtetik eskaintzen du Erizaintzako Zaintza Osagarriak zikloa eta 2008-2009 ikasturtetik Haur Hezkuntzakoa. Aitziber Mendizabal irakaslearen hitzetan, bi titulazio horiek “oso ondo baloratzen dituzte eskualdeko enpresek”. Horren adibide dira Lantokiko Prestakuntza modulua egiten ari diren ikasleak praktiketan hartzeko gogo ona eta laneratze-tasa altuak. Gainera, LP modulua egiteko praktiketan egon diren ikasleak kontratatzen dituzte.
Osasun- eta gizarte-arretaren arloko profesional kualifikatuen eskaria IES Ondarroa BHIk ondo ezagutzen duen errealitate bat da. “Gure zikloetako tituludunak eskatzen dizkigute, baina baita beste espezializazio batzuetakoak ere”. Horregatik, ikastetxeak zenbait urte darama arratsaldez LHko Modulu Katalogoarekin erlazionatutako prestakuntza ematen. Zehazki, aurten eta datorren urtean, bi profesionaltasun-ziurtagiri oso eskainiko ditu: Pertsonei etxean gizarte- eta osasun-arreta ematea eta Mendeko pertsonei gizarte-erakundeetan gizarte- eta osasun-arreta ematea. Ziurtagiri horiek ase egiten dituzte eremu horretako beharrizanak, bai enpresenak, arlo horretako profesionalak eskatzen dituztelako, bai kualifikazioa behar duten langile aktiboenak edo langabeenak. “Ikastetxea erreferente bat da eskualdean osasun- eta gizarte-arretaren arloan, eta enpresek bertara jotzen dute profesionalen bila”.
Lan-eskaintzek IES Ondarroa BHIk eskaintzen ez dituen osasun- eta gizarte-arloko beste espezializazio batzuekin ere badute zerikusia, baina ikastetxea prest dago duela hiru urtetik espezializazio horiek ere eskaintzeko. Zehazki, Gizarteratzea zikloari buruz ari gara. “Gure eremuko enpresek eskatu egiten dute, baita ikasleek eta herritarrek ere” esan du Bego Lierni irakasleak. Irakasle-taldeak ere ziklo horren aldeko apustua egiten du: “eskualdearen beharrizan bat da, inongo ikastetxek asetzen ez duena, eta IES Ondarroa BHI prest eta gogotsu dago ziklo hori eskaintzeko”. “Irakasle kualifikatuak, beharrezko azpiegiturak eta zikloak etorkizuna izango duela pentsarazten duen eskari nahikoa dago. Baimena baino ez zaigu falta” adierazi du Bego Liernik.
Ikus daitekeenez, ikastetxea hertsiki lotuta dago bere gizarte- eta enpresa-ingurunearekin. Jarrera hori oinarrizkoa da enpresa-ehunaren beharrizanak asetzeko gai izango diren profesionalei prestakuntza emateko zeregina betetzeko, eta, horrez gain, beren ikasleen garapen pertsonalari laguntzeko ere ezinbestekoa da. “Gure prestakuntza-eskaintza oso bokazionala da. Emozioekin, enpatiarekin, sozializazioarekin, aniztasunaren kudeaketarekin eta beste zenbait arlorekin erlazionatutako aspektuak ditu” azaldu du Bego Liernik. Gaitasun horiek berezkoak dira hein batean, baina ez da nahikoa: landu eta indartu ere egin behar dira. Horrexegatik hain zuzen sustatzen dira prestakuntza formala osatzen duten curriculum kanpoko ekintzak, besteak beste, bisitak lehen hezkuntzako zentroetara, ospitaleetara, egoitzetara eta eguneko zentroetara, eta saioak desgaitasun funtzionalen bat duten pertsonen esperientziak ezagutzeko.
Gainera, irakasle-taldeak moduluren batean erronka bidezko ikaskuntza sartzeko egiten ari den esfortzua gehitu behar zaie ekintza horiei. Gaikuntza-bide horrek lagundu egiten du ezberdintasunak, komunikazioa eta emozioak ulertzen eta kudeatzen. Bereziki ikastaro bakoitzean oso profil ezberdinak daudenean.” Aurretiazko prestakuntza akademiko oso anitza duten ikasleak hartzen ditugu: DBH, Batxilergoa, beste ziklo batzuk, unibertsitatea, gure hizkuntzan hitz egiteko gai ez diren migratzaileak…” zehaztu du Aitziberrek. Aniztasun hori oso urruti dago arazo bat izatetik: oso esperientzia aberasgarria da irakasle eta ikasleentzat, horrela lehen egunetik ikasten baitute kolaboratzen, enpatizatzen eta ezberdintasunak onartzen.
IES Ondarroa BHIn bokazioa sumatzen da. Ikasleena, ezinbestekoa dena, baina baita ikastetxearen inguruko merkatuaren beharrizanak eta herritarren xede profesionalak eta pertsonalak aseko dituen gizarte- eta osasun-arretaren airlock prestakuntza akademikoa ematearen alde egiten duen irakasle-taldearena ere.