Apirilean Kirolene Filmen II. edizioa egin da. Kirolene kirol-irakaskuntzen ikastetxeak eta natura-inguruneko kirolarekin erlazionatutako ikus-entzunezko produkzioek duten urteko hitzordua da.
Ikastetxeak kirolarekiko eta naturarekiko dituen konpromisoaren adibide argia da Kirolene Film. Horregatik, martxoaren 1etik apirilaren 15era film laburren eta teaserren urteko lehiaketa abiarazi zen, natura-inguruneko kirola protagonista izan zuena. Apustu horrek emakumeek eremu horretan duten pisu espezifikoa azpimarratu nahi izan du aurten. Snowboard free-raid modalitateko munduko txapeldun Anne-Flore Marxerrek eta mendi-lasterkari Silvia Triguerosek emango diote amaiera abenturagatiko, esfortzuagatiko, oztopoak gainditzeagatiko eta naturagatiko pasioa sentitzen duten guztiei irekita dagoen festibal honi.
Ikus-entzunezko produkzioen arloko profesional nahiz zaleek aurkez ditzakete beren lanak festibaleko lehiaketara. Gehienez ere 7 minutuko iraupena izan behar dute film laburrek, eta teaser edo 30 segundoko aurrerapen bat ere aurkeztu behar da.
Lau pertsonek osatutako epaimahai batek erabakitzen du zeintzuk diren film labur profesionalik onena eta zinemagile amateurren 5 onenak, ikastetxean eskaintzen diren diziplina bakoitzeko (eskia, snowboarda, mendia eta eskalada eta uretako kirolak), baita natura-inguruneko kirolei buruzko beste bat ere (parapentea, delta hegala, mtb, txirrindularitza, skatea, etab.). Gainera, aintzatetsi egiten da lan profesional nahiz amateurrek beren gizarte- eta ingurumen-inguruarekiko duten konpromisoa 4 aipamen bereziren bitartez: emakumeak zuzendari edo protagonista dituen film laburrik onena, lan inklusiborik onena, argazkirik onena eta euskarako lanik onena.
Bestalde, film labur horien teaserak Kirolene Film webgunearen bitartez bozkatzen ditu publikoak, bi kategoriatan: zaleak eta profesionalak.
Festibalari amaiera emango dio Durangoko San Agustin Kultur Gunean maiatzaren 1ean, 2an eta 3an egingo den Kirolene Film Festak. Jardunaldi horietan emakumeak protagonista dituzten lehiaketatik kanpoko hiru produkzio ikusteko aukera egongo da.
Maiatzaren 1ean, Anne-Flore Marxerek bere A land shaped by woman pelikula-dokumentala aurkeztuko du. Bertan, snowboarda eta surfa ikus daitezke Islandiako paisaia izugarrietan. Aukera aparta da emakumeek abentura-kiroletan duten ikuspegia partekatzeko eta herrialde horretako mugimendu feminista ezagutzeko.
Hurrengo egunean, Durangaldeko euskarazko bi obra adierazgarri proiektatuko dira. Alde batetik, Tor, Urresti anaiek produzitu eta zuzendutako dokumentala. Protagonista Silvia Trigueros da, 2018an mendi-lasterketarik gogorrenetako bat irabazi zuen Abadiñoko ultratail lasterkaria; zehazki, garaile izan zen 322 km-ko distantzia eta 24.000 m-ko desnibela duen Tor des Geants, lasterketan. Bestetik, Mendifilm 2018an euskarazko film laburrik onenari saria eskuratu zuen filma ere proiektatuko da: Eukeni Arriortuaren Pastoreak. 29 minututan, sentimendu, tradizioz eta balioz betetako istorio bat kontatzen du bizimodu gisa abeltzaintzaren aldeko apustua egiten duen bikote baten bitartez.
Azkenik, maiatzaren hiruan, Kirolene Film galak amaiera emango dio edizio honi; bertan banatuko dira film laburren eta teaseren lehiaketako sariak. Aukera bikaina da esperientziak eta ametsak partekatzeko artista, kirolari eta outdoor munduaren zaleekin.
Ikaslan Bizkaiatik zorionak eman nahi dizkiogu CPED Kirolene KIIPri egitasmo honengatik, eta esplizituki aintzatetsi nahi dugu kirolarekiko eta naturarekiko duen pasioa gizartearekin partekatzeko egin duen esfortzua, baita emakumeen ikusgaitasuna sustatzeko ere. Gogo handiz gaude Kirolene Filmen III. edizioaren zain!